Zibersegurtasunaren etorkizuna eztabaidagai Donostian

ZIUR-Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak antolatuta ‘IndustrySec 2024’ kongresua izango da urriaren 17an Donostiako Aquariumean

Urriaren 17an, Donostiako Aquarium-ak ZIUR-Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak antolatzen duen ‘IndustrySec 2024’ kongresua hartuko du. ‘Etorkizuna babestea gaur hasiko da’ lelopean, ekitaldiak zibersegurtasunaren esparruko adituak eta profesionalak elkartuko ditu aro horretan izan diren azken aurrerapenak, izan daitezkeen mehatxuak eta industria sektoreak izan ditzakeen erronkak aztertzeko.

Kongresuaren helburu nagusia zibersegurtasunaren inguruko esperientziak, jardunbide egokiak eta ikaskuntzak partekatzeko enpresentzako gune bat sortzea da. Nazioarteko, estatu mailako eta tokiko ikuspegi batekin IndustrySec 2024 kongresuak zibersegurtasunaren arloan diren joera globalak aztertuko ditu eta, aldi berean, gure artean izan diren zenbait ekintzailetza proiektu arrakastatsu ere aurkeztuko ditu. Azkenik, ZIUR zentroarekin elkarlanean aritzen diren zenbait enpresen esperientzia ere azalduko da.

Etorkizuneko erronkak

Kongresuan jorratuko den gai nagusietako bat Adimen Artifizialak (AA) zibersegurtasunean izan dezakeen inpaktua da. ZIUR-en arabera, AA ezarri duten enpresen % 60 inguruk berariazko mehatxuei aurre egin behar izan diete. Gainera, 2025. urterako, AArekin lotura duten zibererasoek eragindako galerak 5.200 milioi dolarretik gorakoak izan daitezkeela aurreikusten da. Izan ere, aurten bertan AAren erabileran izan den hazkundeak erronka berriak planteatu dizkie Gipuzkoako enpresei eta, ondorioz, mehatxu berriak dituen ingurune konplexuago batera egokitzeko neurriak hartu behar izan dituzte.

AAren mehatxuarekin batera, Europan indarrean jarri diren araubide berrietara egokitzeko beharra dago. Hori dela eta, ZIUR-ek industriari eskaintzen dion babesa sendotu du. Estrategia horren barruan aurkitzen da, adibidez, Zentroak martxan jarri duen eta AAn oinarritzen den Laguntzaile Birtual berria. Tresna hori 24 orduz dago eskuragarri zentroaren webgunean, eta NIS2 araudiari buruzko zalantzak argitzen laguntzen du. Araudi horrek enpresei eragiten die zibersegurtasun-estrategian. ZIUR zentroa duela lau urte jarri zen martxan eta ordutik hona. 50 saio baino gehiago antolatu ditu tokiko garapen agentziekin eta enpresa elkarteekin batera. Gainera, zibersegurtasunaren inguruko prestakuntza eskaini die 300 profesional baino gehiagori eta 22 proiektu garatu ditu 115 enpresarekin elkarlanean. ZIUReko sail teknikoak aholkularitza espezializatua eman die 140 enpresa ingururi azpiegitura eta datu industrialen babesarekin lotutako gaietan.