Asteklimak 100 jarduera baino gehiago programatu ditu

Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astea urriaren 18tik 27ra bitartean izango da, trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren inguruko sentsibilizaziora bideratutako ekitaldiekin

Urriaren 18tik 27ra bitartean, Asteklima 2024k, Euskadiko Klima eta Energiaren Asteak, 114 jarduera eskainiko ditu euskal gizartea trantsizio energetiko eta klimatikoan inplikatzeko helburuarekin. Bosgarren edizio honek, ohi bezala, urriaren 24an ospatzen den Klima Aldaketaren aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egingo du eta “Ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da” lelopean antolatu da. Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak koordinatzen du ekitaldia, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) eta Ihobe-Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren bitartez.

Asteklimaren jarduerek tailerrak, antzerkia, ipuin kontalariak, zinema, bisita gidatuak eta haurrentzako jolasak biltzen dituzte. Programatutako jarduera guztiek herritarren sentsibilizazioa eta erantzunkidetasuna sustatzea dute helburu.

Klima Azoka

Gainera, hamar euskal udalerrik hartuko dute Klima Azoka, Ihobek eta EEEk antolatutako instalazio ibiltaria. Azoka moduan egituratutako gune horrek aukera emango die bertaratutakoei autodiagnostiko-probak egiteko eta klima-aldaketari aurre egiteko informazioa jasotzeko. Landutako gaien artean, klima-aldaketa, etxeko ohiturak, mugikortasuna, aisia eta kontsumo arduratsua daude. Era berean, lurzorua babesteko instalazio berriak eta Urban Klima 2050 klima egokitzeko proiektua gehituko dira.

Hurrengo 9 egunetan, Bilbon (urriaren 18an), Gernikan (urriaren 19an), Eibarren (urriaren 20an), Amurrion (urriaren 21ean), Gasteizen (urriaren 22an), Sestaon (urriaren 23an), Zumarraga eta Urretxun (urriaren 24an), Hernanin (urriaren 25ean) eta Getxon (urriaren 26an) izango da Klima Azoka. 

Leku bakoitzean, parte-hartzaileek klima-aldaketari aurre egiteko hausnarketak eta ekintzak proposatzen dituzten zazpi karpa tematiko bisitatu ahal izango dituzte,.

Asteklima 2024ren esparruan, erakunde eta udalerri antolatzaileek garatutako sentsibilizazio-ekimen onenak sarituko dira. Joan den urriaren 11ra arte jasotako 114 hautagaitzen artean, toki-erakundeek aurkeztu dituzte jarduera gehien (72), eta, ondoren, ikastetxeek (13), Euskadiko irabazi-asmorik gabeko eta gobernuz kanpoko erakundeek (10) eta, azkenik, beste erakunde mota batzuek (19).  Ekintzak zortzi kategoriatan baloratuko dira, 5.000 euro ematen dituen “EAEko ekimenik onena” sari nagusia barne. Sariak azaroaren 29an iragarriko dira.

Euskadiko Klima eta Energiaren Asteko egitarau osoa asteklima.eus webgune ofizialean kontsulta daiteke.