Arte Gaztearen Topaketek hamar egitasmo saritu dituzte

Irabazleek, 1.500 euro jasotzeaz gain, diziplina artistiko ezberdinetako profesionalek emango dituzten tailerretan parte hartzeko aukera izango dute

Nafarroako Gazteriaren Institutuak urtero antolatu ohi dituen Arte Gaztearen Topaketek beren 40. edizioa ospatu dute aurten. Edizio berezi honetarako 40 izan dira hautatu diren proiektu artistikoak eta, azkenean, horietako hamar izan dira sarituak. Arte Gaztearen Topaketak programaren xedea da   Nafarroako 14 eta 30 urte bitarteko artista gazteen sormena sustatzea.

Aurtengo edizioari amaiera emateko, ohi bezala, jaialdi bat ospatu da eta bertan, gazteek egindako hainbat lan ikusi ahal izan dira.

Irabazleak

Aurtengo edizioan epaimahaiak hamar gazteren lanak aintzatetsi ditu. Saria jaso duten lanak honako hauek izan dira:

  • Carmen Parradoren ‘Planta 0’. Diseinua.
  • Colectivo Contactoren ‘Tocar sin tocar a Fermín’. Diseinua.
  • Maialen Olite eta Leire Aranberriren ‘Giula Testa’. Arte Plastikoak eta Ikus-entzunezkoak.
  • Anne Aramendiaren ‘Slapstick!!’. Arte Plastikoak eta Ikus-entzunezkoak.
  • Alba Duarte eta Urtxi Garcíaren ‘Porque sabe lo que pienso’. Arte eszenikoak.
  • Julio Montañanaren ‘No soy blanco y lo (sé) sabes’. Arte eszenikoak.
  • Anavyren ‘Origen. Soy mis raíces y todo lo nuevo’. Musika.
  • Castazabalen ‘Castazabaleando’. Musika.
  • Laura Gutiérrezen ‘Todo se desvanece’. Literatura.
  • Julen Azconaren ‘La reina del Arga’. Literatura.

Egitasmo bakoitzak 1.500 euroko sari osagarria jasoko du. Izan ere, parte-hartzaile bakoitzak jada 800 euroko saria zuen parte hartzeagatik. Horrez gain, saritutako hamar proiektuetako egileek diziplina artistiko ezberdinetako profesionalek emango dituzten tailerretan parte hartzeko aukera izango dute.

Arte Gaztearen Topaketek urtero espazio bat sortzen dute, non artista gazteek beren praktika eta prozesu sortzaileak partekatu eta esploratu eta horien inguruan hitz egin dezaketen. Programa honetan parte hartzeak diziplina anitzeko hainbat tailerrez gozatzeko aukera ematen du. Era berean, bigarren urtez jarraian, egoitza artistiko bat antolatu da Lekarozen, hautatutako proiektuen egileei zuzenduta.