Omako basoak 75.000 bisitari izan ditu azken 12 hilabetetan

Izurri baten ondorioz basoko beste leku batean kokatu ondoren, obrak bisita ugari lortu ditu, baina inguruaren jasangarritasuna alde batera utzi gabe

2019. urtean, Agustin Ibarrolaren jatorrizko espazio artistikoa itxi behar izan zen zuhaitzak kaltetu zituen izurrite baten ondorioz. Hainbat hilabetetako lan baten ondoren, Ibarrolak sortutako diseinuak beste zuhaitz batzuetara ‘eraman’ ziren eta, horri esker, pasa den azaroan, Omako Baso Margotu berria berriz ere zabaltzea lortu zen.

Gune artistiko horretaz arduratzen den Bizkaiko Foru Aldundiak ezagutzera eman dituen datuen arabera, duela urtebete ireki zenetik, ia 75.000 pertsonaren bisita jaso du obrak. Gainera, ia 80.000 bisitari izan dira artelan horren webgune ofizialean. Guneak sarean izan duen arrakasta ikusirik, aplikazio bat ere garatu da.

Teknologia berriak Omako basoan

Izan ere, aldundiak estrategikotzat jo du teknologia berrien erabilera basoa bisitatzen duten horien esperientzia hobetzeko. Adibidez, Android eta iOS sistema eragileetarako eskuragarri den aplikazio berrian erabiltzaileek, besteak beste, audio-gidak, mapa interaktiboak eta informazio zehatza aurkituko dute lau hizkuntzatan. Baliabide horiei esker, bisitariek multzo artistiko bakoitza zehaztasun handiagoz ulertzeko aukera izan dezakete.

Gainera, bisita gidatuen eskaintza egonkortu egin da. Bisita horiek larunbatero eskaintzen dira, 11:00etan eta 12:30etan, euskaraz zein gaztelaniaz.

Jasangarritasuna

Agustin Ibarrolaren lana basoaren kokapen berri batera ‘eramatea’ oso lan konplexua izan da eta UPV/EHUko irakasle Fernando Bazetak gidatu duen diziplina anitzeko lantaldeari lortu da. Esku-hartze horri esker, Ibarrolaren lana babesteaz gain, multzo artistikoaren jasangarritasuna hobetzea ere lortu da, besteak beste, erakusketa-espazioak handituz. Aldi berean, basoaren jasangarritasuna zaintzeko eta egiten diren bisitak kalitatezkoak direla bermatzeko, basoa bisitatzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea basoaren web ofizialean. Hala ere, esan bezala, urtebete eskasean, ia 75.000 pertsona gerturatu dira lan ikusgarri hau ezagutzera eta, gainera, berrirekitzeak oihartzun handia izan du hainbat komunikabidetan Europan zehar.