Binetak eta munstrotxoak

‘Nacho Fernández: Binetak eta munstrotxoak’ erakusketa datorren azaroaren 16ra arte izango da ikusgai Donostiako Udal Liburutegi Nagusian

Amaitu berri den Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko 35. Astearen programazioaren barruan antolatu den ‘Nacho Fernández: binetak eta munstrutxoak’ erakusketa azaroaren 16ra arte ikusi ahal izango da Udal liburutegi Nagusian. Nachomon ezizenarekin ezaguna den ilustratzaile bilbotarrak manga eta Bruguera argitaletxeko eta komiki franko-belgikarreko egileen eraginak uztartzen ditu.

Erakusketan Fernándezen hainbat lan ikus daitezke, bere hastapenetan egindakoak eta baita lan berriak ere. Horien artean azpimarratu behar dira ‘Dragoi Bola’ ezagunaren parodia egiten duen ‘Dragon Fall’-eko jatorrizko zenbait lan. Aipatu lan horrez gain, ‘Wargarmer: Pistons & Dragons’ webkomikiko orrialdeak, fantasiazko zinemako pertsonaien omenezko orrialdeak, komiki klasikoen ‘fanart’-ak eta ‘Resident Evil’ eta ‘Fanhunter’ bezalako unibertsoen binetak ere ikus daitezke. Azkenik, ‘Superlópez’ istorioetan oinarritzen diren ‘Supergrupo’ko irudiak ere ikusgai izango dira.

Fernándezek hainbat genero eta estilo jorratu izan ditu bere ibilbidean zehar. ‘Dragon Fall’ eta ‘Fanhunter’ serietan parte hartzeaz gain, beste hainbat izenburutan ere lan egin du, hala nola, ‘Templarios’ eta ‘Dark Breed’. Azken horrek ‘Midnight Rockers’ izenbururuarekin izan zuen jarraipena.

Baina bere lana askoz emankorragoa da eta, besteak beste, honako lan hauek ere aipatu behar dira: ‘La leyenda de Sasha’, ‘Los paladines del horóscopo’, ‘Kung Fu Mousse’, ‘Baladita de Rasca y Chispa 1: Juego de Poltronas’, ‘El supergrupo: el super retorno’ eta ‘Los mundos de Valken: Océanos en llamas’.