Iruñeko 66 gazte hasi dira Udalerako korrespontsal informatibo gisa lan egiten. Gazte horien lana beren hezkuntza zentroetan gazteei zuzendutako baliabide eta jardueren berri ematea izango da. Ikasturte honetan 33 dira programa honetan parte hartzen ari diren ikastetxe eta gazteekin lan egiten duten erakundeak.
Programa 1996. urtean jarri zen martxan eta urteak aurrera joan ahala bere irismena zabalduz joan da ikastetxeak ez ezik, hezkuntza bereziko zentroak, ikasle-egoitzak eta gazteria arloan lan egiten duten elkarteak ere barneratuz. Aurten, adibidez, bi erakunde gehiagok bat egin dute programarekin: Arantzadi Enplegurako Lantegi Eskola eta Hezitzaile Eskola.
Korrespontsaliak
Korrespontsal gazteek, informazioa hedatzeaz gain, ‘De primera mano’ izeneko programan ere parte hartuko dute. Programa horri esker, korrespontsalek zuzenean ezagutu ahal izango dituzte hiriak eskaintzen dituen baliabideak eta guneak. Korrespontsal gazteek lagun eta ezagunei ezagutu dituzten eduki eta jarduera horien berri eman ahal izango diete. Zentro laguntzaileen aurtengo deialdira 40 zentro aurkeztu dira.
Korrespontsalen konpromisoaren barruan sartzen da informazio-panel bat eguneratzea, bakoitzaren espazioetan arreta pertsonala ematea eta informazio-gune birtual bat kudeatzea. Gainera, astero, Gazte Informaziorako Udal Bulegoan elkartuko dira beren lanaren jarraipen tekniko bat egiteko. Korrespontsal gazteek formakuntza eta aholkularitza jasoko dute programa kudeatzen duten teknikarien aldetik eta informazioa hedatzeaz arduratuko dira hainbat kanalen bidez, sare sozialak eta panel fisiko bat barne.
Korrespontsal berrien lana datorren urteko maiatzaren 31ra arte luzatuko da. Ordurarte, beren gazte informaziorako proiektua mantendu beharko dute eta Iruñeko Gaztediaren Etxeko teknikarien ikuskaritza izango dute. Parte-hartze aktiboa duten korrespontsalek ordainsari bat jasotzeko aukera izan dezakete.