Ipuin kontalarien maratoia Donostian

Galtzagorri elkarteak antolatzen duen Ipuin Kontalarien Maratoiaren X. edizioa azaroaren 23an izango da Donostiako Liburutegi Nagusian

Datorren azaroaren 23an, Donostiako Liburutegi Nagusiak Galtzagorri elkarteak antolatzen duen Ipuin Kontalarien Maratoiaren X. edizioa hartuko. Goizeko 11:00etatik aurrera Maratoiak lau saio eskainiko ditu. Lehenengoan, 2-4 urte bitarteko haurrei zuzenduta, Pello Añorgak zenbait ipuin kontatuko ditu. Umorean oinarritua, haurren zein gurasoen arteko konplizitatea eta parte hartzea bilatuko du ipuin kontalariak.

Bigarren saioa eguerdian izango da eta Amaia Egidazuk eta Saroa Bikandik eskainiko dute. ‘Poltsikorako poemak’ izeneneko saio horrek poesia izango du ardatz eta, bereziki, 4-8 urte bitarteko haurrei zuzenduko zaie. Egidazuk eta Bikandik erritmoa, errima, hizkuntza eta ahozkotasuna landuko dituzte haurrekin.

Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, Dorleta Kortazarrek ‘Zaku bete ipuin’ izeneko saioa eskainiko die 8 eta 14 urte bitarteko gazteei.

Eta Maratoiaren aurtengo edizioari amaiera emateko Mejillón Tigre kolektiboak ‘Hitz esana. Spoken word’ poesia-emanaldia eskainiko dute gazte eta helduentzat.

Saio guztiak doakoak izango dira, baina horietan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea.