Psico Womanek zure harreman pertsonalen inguruan hausnartzera gonbidatzen zaitu

Vital Fundazioak antolatzen duen ‘Genero Berdintasuna’ zikloak ‘El bien querer’ ikuskizuna hartuko du datorren azaroaren 29an

Vital Fundazioaren ‘Genero Berdintasuna’ zikloak Psico Woman ezizenarekin ezaguna den Isa Duqueren ‘El bien querer’ ikuskizuna eskainiko du datorren azaroaren 29an Vital Fundazioa Kulturunean. Ikuskizun horrek harreman pertsonalen inguruko hausnarketa egitera gonbidatzen ditu ikusleak musika, umorea eta ikaskuntzaren bidez. Sarrerak Kordoi Etxean eta Vital Fundazioaren webgunean eros daitezke 3 euroren truke.

Harreman pertsonalen inguruko hausnarketa

Proposamen honetan, Isa Duque/Psico Womanek osasun-psikologo, sexologo eta familia-terapeuta gisa duen esperientzia batzen du, harreman pertsonalak ikuspegi feminista batetik aztertzeko. Ikusleak parte hartzera gonbidatzen dituen karaoke baten bidez, Psico Womanek bikote-, familia eta adiskidetasun-harremanen inguruko azterketa bat egitera gonbidatzen du feminismoa, lotura afektiboak eta norbanakoen barne-dinamikak jorratuz. Ikuskizunak entretenitzea ez ezik, ikus-entzuleei genero-estereotipoen eraginaz eta harremanetan hezkuntza emozionalik ez izateaz jabetzen laguntzea ere bilatzen du.

Azaroaren 21an, Amelia Tiganusek sexu-indarkeriaren, pornografiaren eta prostituzioaren artean diren loturetan sakonduko du

Psico Womanek adierazten duenez, funtsezkoa da gure harremanak garatzen diren ingurunea ulertzea.  Bere ustez, “kalitatezko hezkuntza emozionalaren faltaren eta aginduen eta genero-hierarkizazioaren eraginaren ondorioz, harreman askeak eta gogobetegarriak eragozten dituen koktel bat sortzen da”. Horregatik, bere ikuskizunak gakoak eskaintzen ditu ikusleek beren burua hobeto uler dezaten eta beren lotura pertsonalak eta kolektiboak sendotu ditzaten.

‘Genero berdintasuna’ zikloa

Vital Fundazioak antolatu duen ‘Genero Berdintasuna’ zikloaren aurtengo edizioa beste zenbait jarduerekin osatuko da.

Adibidez, azaroaren 21ean, Amelia Tiganusek ‘Sexu-indarkeriaren, pornografiaren eta prostituzioaren arteko loturak’ izenburuko hitzaldia eskainiko du Vital Fundazioaren Kulturunean. Gonbidapenak azaroaren 11tik aurrera egongo dira eskuragarri Vital Fundazioaren egoitzan edo online egun berean aktibatuko den inprimaki honen bidez.

Azaroaren 27an eta 28an, Teatroz konpainia andaluziarraren ‘No me toques el cuento’ antzezlana ikusi ahal izango da. Antzezlanak haurrentzako filmetan izan ohi diren konbentzio sexistak umorez jorratzen ditu.

‘Genero Berdintasuna’ zikloaren III. edizioa pasa den irailaren 20an hasi zen David Parejaren ‘Maskulinitatea sare sozialetan’ hitzaldiarekin eta abenduaren 18an amaituko da Sonia Encinasen ‘Construcción del deseo femenino’ izenburuko hitzaldiarekin.