Bilboko Enplegu-plan berriak gazteen lan-sarbidea sustatuko du

Erdi-mailako edo goi-mailako titulazioa duten 30 urtetik beherako gazteei zuzenduta dagoen ‘Lehen lan-esperientzia’ programak 55 lanpostu berri sortuko ditu

Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lana eta Enplegua Sailak 505 lanpostu berri sortzea helburu duen 2024-25 Enplegu-plana jarri dute martxan. 9,4 milioi euroko aurrekontuarekin plan berriak zaurgarritasun gehien duten taldeen lan-sarbidea erraztuko du, langabezian dauden horiek, emakumeak eta, bereziki, gazteak.

Planaren barruan estrategia ezberdinak bildu dira. Horien artean ‘Lehen lan-esperientzia’ izeneko programa azpimarratu behar da. Programa hori erdi-mailako edo goi-mailako titulazioa duten 30 urtetik beherako gazteei zuzenduta dago eta 55 lanpostu berri sortuko ditu, aurreko edizioan baino 18 gehiago. Modu horretan gazteei babesa eman nahi zaie kalitatezko enpleguaren bilaketan.

Hiru ardatz dituen plana

Bilboko Enplegu-plan berria hiru multzo nagusitan egituratzen da:

  • Enplegu-plan arrunta: 404 lanpostu sortuko dira plan honen bidez. Horietatik, 246 tokiko enpresa pribatuek Eusko Jaurlaritzak Lanbideren bidez eta Bilboko Udalak ematen dituzten laguntzekin egindako kontratazioak izango dira. Beste 158 lanpostuak Bilboko Udalak, udal-arloek edo -erakundeek erabilgarritasun edo interes publikoko jardueretarako egindako kontratazioak izango dira.
  • Gazteen Enplegu-plana: 46 enplegu sortuko dira urtebeteko epearen barruan Udalaren sail ezberdinen edo udal-erakundeen bidez. Enplegu horiek lehen lan-esperientzia lortzera bideratuko dira
  • Lehen Lan Esperientzia programa: Programa hori aurten finkatu da, plaza-kopuruak gora egin baitu 55 enpleguraino. Aurreko edizioan proiektu pilotu gisa sortu zen, eta unibertsitateko edo lanbide-heziketako ikasketak dituzten eta aurretik esperientziarik ez duten gazteei zuzenduta dago.

Ikus daitekeen bezala, zuzenean gazteei zuzentzen zaizkien programen bidez 101 kontratazio berri egingo dira.

Enpresen babesa

Enpleguaren sorrera sustatzeko enplegu-plan berriak ia bi milioi euro bideratuko ditu kontratu mugagabeak sinatzen dituzten enpresa pribatuei dirulaguntzak emateko. Laguntzak, 10.000 euro bitartekoak kontratu bakoitzeko, azaroaren 18ra arte eskatu ahal izango dira udal-webgunearen bidez. Laguntza horiek Bilbon egoitza duten enpresentzat dira eta 246 kontratu mugagabek jasoko dute dirulaguntza, lanaldi osoan edo partzialean, lanaldiaren gutxieneko % 50ekin. Gainera, kontratazioekin, sei hilabete lehenago enpresak duen batezbesteko plantillan enplegu garbia sortuko da. Lanpostu horiek eskatzeko ezinbesteko baldintzak dira: langabezian egotea, Lanbide lan-eskatzaile gisa izena emanda izatea eta Bilbon erroldatuta egotea.

Lanbidek kudeatzen dituen enplegu programetarako aurrekontua 32,6 milioi eurokoa da. Horiei esker 2.489 kontratazio finantzatu dira EAEko hainbat udalerritan. Horietatik guztietatik, 1.674 6-12 hilabete bitarteko aldi baterako kontratuak izan dira tokiko erakundeetan eta 815 kontratu mugagabeak enpresetan. 2024an 192.350 langile afiliatu ziren batez beste, eta aurreko urteko aldi berean baino 6.965 enplegu gehiago erregistratu dira Bilbon.