Abian da Behargintza Enkarturrek antolatzen duen Enpresa-proiektuen Lehiaketaren XVI. edizioa. Ekimena Enkarterri bizi diren norbanako zein taldeei zuzentzen zaie nagusiki, baina eskualdean erroldatuta dauden horiek ere parte hartu ahal izango duten baldin eta enpresa jarduera Enkarterrin finkatzeko asmoa badute. Lehiaketan parte hartzeko proiektuek egoitza soziala eta lantokia Enkarterrin izan beharko dute eta 2024ko urtarrilaren 1 eta abenduaren 30 artean eratuta egon beharko dute. Enkarterri eskualdea honako udalerri hauek osatzen dute: Artzentales, Balmaseda, Galdames, Gordexola, Gueñes, Karrantza, Lanestosa, Sopuerta, Turtzioz eta Zalla.
Enpresa proiektuak aurkezteko epea abenduaren 30eko 13:00ak arte izango da zabalik.
Bi kategoria
Lehiaketa bi kategoriatan banatuta dago: helduak eta gazteak. Helduen kategorian proiektu irabazleak 1.500 euroko saria jasoko du eta Enkarterriko enpresa-anezkan lokal bat hiru urtez erabiltzeko aukera izango du. Kontuan hartu behar da horrelako lokal baten alokairuaren prezioa, urtean, 8.000 eurokoa dela. Kategoria horretan bigarren sailkatzen den egitasmoak 1.000 euro jasoko ditu.
Gazteen kategorian, irabazleak 2.500 euro jasoko ditu, eta helduen kategorian bezala, Enkarterriko enpresa-anezkako lokal bat erabiltzeko aukera izango du hiru urtez. Kategoria honetan bigarren sailkatzen den egitasmoak 1.500 euroko ordainsaria jasoko du eta enpresa-anezkan lokal bat erabiltzeko aukera ere izango du, irabazlearen baldintza berberekin.
Taldeka aurkezten diren egitasmoen kasuan, gazteen kategorian parte hartu ahal izateko, gutxienez kideren batek 18-29 urte bitartekoa izan beharko du.
Ebaluazio-irizpideak
Lehiaketara aurkezten diren egitasmoak honako irizpide hauen baitan ebaluatuko dira:
- Egitasmoaren bideragarritasuna eta garapen ekonomiko-finantzarioa (% 30)
- Enpleguaren sorrera (% 25)
- Eskualdeko udalerrien beharrekin duen lotura eta ingurumen-jasangarritasuna (% 25)
- Berrikuntza-maila (% 20)
Epaimahaia Behargintza Enkarturreko kideek osatuko dute udalerrietako eta mankomunitateko enplegu eta gazteria teknikariekin batera. Sarituak diren egitasmoek ezin dute Ogasunarekin eta gizarte-segurantzarekin inolako zorrik izan eta hori bermatzeko beharrezkoak diren ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte.
Argibide gehiagorako interesa duten horiek Behargintza Enkarturrekin jar daitezke harremanetan 94.669.08.77 telefonora deituz edo behargintza@enkartur.eus posta elektronikora idatziz.