Genero-arrakalak markatutako gazteria

Gazteen Euskal Behatokiaren txosten baten arabera, Euskadiko emakume gazteek gizon gazteek baino hezkuntza-maila altuagoak lortu arren, lan-desparekotasunak eta genero-arrazoiengatiko diskriminazioak jarraitzen dute

Neska, 24 urte, ingeniaritzako masterra eta lanaldi partzialeko aldi baterako kontratua. Mutila, adin bera, lanaldi osoko lana goi-mailako lanbide heziketa bukatu ondoren. “Euskal gazteriaren egoeraren diagnostikoa 2024” txostenaren arabera, bi istorio hauek, itxuraz desberdinak, puntu komun batean bat egiten dute: txanpon beraren bi aldeak dira. Gazteen Euskal Behatokiak egindako azterlanak, inoiz baino formakuntza-maila handiagoa izan arren, lan-merkatuan eta eguneroko bizitzan genero-desberdintasun handiei aurre egin behar dien gizatalde baten erradiografia erakusten du.

Lorpenak egon arren, diagnostikoak ikusezinak baina iraunkorrak diren hesiak apurtzeko borrokan dagoen belaunaldi baten egoera marrazten du. Izan ere, txostenak etengabeko dualtasunean bizi den belaunaldi bat erakusten du. Alde batetik, aurrekaririk gabeko prestakuntza-maila, euskararen ezagutza gero eta handiagoa eta kultur bizitzan parte-hartze aktiboa erakusten ditu. Bestetik, bere etorkizunerako funtsezkoak diren enplegua, etxebizitza eta osasun mentala bezalako arloetan erronka handiei aurre egin behar dien gizatalde bat erakusten du.

Eta datu garrantzitsu bat: genero-arrakala mantentzen da. Emakume gazteek, oro har, hezkuntza-maila altuagoa izan arren, oztopo gehiago aurkitzen dituzte lan-merkatuan eta diskriminazioa jasaten dute eguneroko bizitzan.

Euskadiko egungo gazteak

Euskadiko argazki demografikoak gazte-biztanlerian suspertze-zantzuak erakusten ditu. 15 eta 29 urte bitarteko adin-taldeak, 319.744 gazterekin, euskal biztanleriaren % 14,6 ordezkatzen du. Ehuneko hori Europako batezbestekoaren azpitik dagoen arren, 2017an izandako joera positiboarekin jarraitzen du, urte horretan erregistratu baitzen ehunekorik baxuena.

Diagnostikoan bertan azaltzen denez, gorakada horrek arrazoi argi bat du: immigrazioa. EAEn bizi diren gazte guztien % 15,4 gure mugetatik kanpo jaio dira, orain arte erregistratutako ehunekorik altuena. Haien ekarpena, gainera, ez da soilik zenbakietara mugatzen. 2022an, migrazio-saldoak bere maximo historikoa lortu zuen. Izan ere, urte horretan Euskadira iritsi ziren gazteen kopurua irten ziren horiena baino handiagoa izan zen: 9.685 gazte gehiago, hain zuzen ere. Kopuru horrekin, 2019koa zen aurreko marka hautsi zen.

Fenomeno horrek zuzeneko eragina izan du euskal biztanleria-piramidearen gaztetzean. Izan ere, Euskadira etorri diren gazteen kopurua handitzeaz gain, oro har, emakume atzerritarren jaiotza-tasa ere nabarmen handiagoa da. Fenomeno horren ondorioz, Euskadi askotarikoagoa eta gazteagoa da, nahiz eta oraindik ere, Europako beste eskualde batzuetan den gazteria-ehunekoetatik urrun egon.

Hezkuntza-kontrastea

Hezkuntza-arloan, Euskadik Europako abangoardian kokatzen duten zifrak ditu. Eskola-uztearen tasa % 6,7 da, Estatuko batezbestekoaren (% 13,7) ia erdia. Zifra horrek garrantzi handiagoa hartzen du 2010ean erregistratutako % 13,1arekin alderatzen bada. Ikus daitekeenez, azken hamarkadan izan den hobekuntza nabarmena da.

Are adierazgarriagoa da goi-mailako titulazioren bat duten 30-34 urte bitarteko pertsonen ehunekoa: 64,8. Izan ere, datu honek nabarmen gainditzen ditu bai Estatuko batezbestekoa (% 50,6) bai Europakoa (% 43,9). Horri esker, Euskadi da goi-mailako formakuntzaren sailkapenaren buruan azaltzen den autonomia erkidegoa. Hala ere, azterlanak erakusten du bikaintasun akademiko horrek desoreka esanguratsu bat duela: emakumeek unibertsitatean presentzia handiagoa izan arren, zientzia eta teknologian graduatutako pertsonen % 33,1 baino ez dira.

Lan-merkatua

Lan-egoerak suspertze-zantzuak erakutsi ditu azken hamarkadetan, 2008an hasi zen krisi finantzarioaren ondorioak oraindik pairatzen zirenean. 16-29 urte bitarteko gazteen okupazio-tasa % 43koa da, 2012tik izan den erregistrorik onena, eta gazte-langabezia % 12,6ra jaitsi da, 2008ko krisia baino lehenago ikusi ez zen maila batera. Enpleguaren behin-behinekotasuna gazteek duten arazo handienetako bat da, baina, hala ere, hobera egin du azken urteetan. Une honetan, arazo horrek soldatapean diren gazteen % 46ri eragiten die, 2021ean % 65,5i eragiten zien bitartean.

Zoritxarrez, bilakaera positibo horren atzean hain erakargarria ez den errealitate bat ezkutatzen da: genero-desparekotasuna. Azken datuen arabera, emakume gazteen artean behin-behinekotasun tasak altuagoak izateaz gain, lanaldi partzialak ere gizon gazteei baino neurri handiagoan eragiten die: % 42,9 eta % 24, hurrenez hurren. Desparekotasun hori, gainera, soldata-arrakalan ere ikus daiteke, hilean, 175 euro garbi inguruko aldearekin.

Emantzipazioaren erronka

Gurasoen etxetik ateratzeak erronka handienetako bat izaten jarraitzen du euskal gazteriarentzat. Emantzipazioaren batez besteko adina 29 urtekoa da, nahiz eta genero artean alde nabarmena dagoen: emakumeek gizonek baino urte bat lehenago ematen dute urrats hori (28,5 urte eta 29,9 urte, hurrenez hurren). Emantzipazioan izan den atzerapen hori elkarri lotutako faktore anitzen ondorioa da: ikasketak luzatzea master eta espezializazioekin, lan-prekaritatea, soldata baxuak eta, batez ere, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak.

Gazteek zenbait oztopo aipatzen dituzte: beren aukera ekonomikoetara egokitutako etxebizitza-eskaintza urria, higiezinen agentziek gazteei alokatzeko dituzten errezeloak, hipoteka-maileguak lortzeko zailtasunak eta laguntza publikoen mugak. Ondorioz, askok merkatuko batezbestekoa baino etxebizitza txikiago eta zaharragoetan bizi behar dute, eta gutxi dira bakarrik bizitzeko aukera dutenak.

Osasun mentalarekin kezkatuta

Txostenak agerian uzten duen alderdirik kezkagarrienetako bat euskal gazteen osasun mentalaren egoera da. Suizidioa heriotza-kausa nagusi bihurtu da 15-29 urte bitarteko gazteen artean, eta 2022an Euskadin kausa honengatik izandako heriotza guztien % 8 izan zen. Datu horrek beste adierazle kezkagarri batzuekin egiten du bat: gazteen % 16,3k Interneten erabilera problematikoa egiten du, emakumeen eta gazteenen artean intzidentzia handiagoa delarik.

Gazteriaren gehiengoak bere osasuna ona dela uste duen arren, txostenak osasunaren autobalorazio negatiboaren gorakada bat hautematen du, batez ere, 15-19 urte bitarteko gazteen artean. Fenomeno horrek bat egingo luke gazte-populazioaren artean osasun fisiko zein mentalaren garrantziari buruzko kontzientzia handiago batekin.

Euskararen bilakaera positiboa

Euskara da euskal gazteriaren bilakaeran arrakasta handietako bat. Hamar gaztetik zortzik ongi hitz egiten dute, azken hogei urteetan hazkunde nabarmena izan delarik. Araban eta Bizkaian igoera 30 ehuneko-puntukoa izan da gutxi gorabehera, Gipuzkoan hogei puntukoa izan den bitartean. Lagunekin euskara erabiltzean duten gazteen kopurua ere nabarmen igo da, 2001 eta 2021 artean % 24,8tik % 37,8ra igoz.

Euskararen ezagutzan izan den aurrerapen hori, bereziki, nabarmena da gazteenen artean: 15-19 urte bitartekoen % 84,9k ongi hitz egiten du, 25-29 urte bitartekoen % 76,7aren aldean. Datu horrek, nolabait, etorkizunean jarraipena izan dezakeen joera positiboa iradokitzen du.

Kultura, kirola eta aisia

Txostenean erakusten denez, euskal gazteak oso aktiboak dira kultura eta kirol arloetan. Gazteen % 76,8k jarduera artistikoetan parte hartzen du, argazkigintza eta bideotik hasi eta musika, dantza edo arte plastikoetaraino.

Kultur ekitaldietara joan ohi diren gazteen kopurua esanguratsua da: % 67,8 zinemara joaten da, % 53,2 kontzertuetara eta % 52,9 kirol-ekitaldietara.

Era berean, kirol-praktika orokortuta dago, gazteen bi herenek astean behin gutxienez kirola egiten dutelarik.

Kontserbadoreagoak?

Feminismoak behera egin du euskal gazteen artean eta genero-indarkeriak, berriz, gora

Euskal gazteriaren balio eta jarrera sozialei dagokienez, egoera konplexua ageri da. “Euskal gazteriaren egoeraren diagnostikoa 2024” txosteneko datuek erakusten dute 18 eta 29 urte bitarteko gazteen % 63,9k politikarekiko interes gutxi edo batere ez duela, nahiz eta hauteskunde-parte hartzea esanguratsua den: % 57k, gutxienez, behin bozkatu du eta % 38k deialdi guztietan parte hartu izan du adin-nagusitasuna lortu zuenetik.

Konpromiso sozialaren arloan, joera positiboa antzematen da herritarren parte-hartzean. Gazteen % 44,7k elkarteren batekin du harremana, eta boluntariotzak hazkunde nabarmena izan du, 2008ko % 6,4tik 2023ko % 13,8ra igoz.

Immigrazioaren pertzepzioari dagokionez, euskal gazteriaren % 56,6k uste du atzerritarren presentzia esanguratsua dela Euskadin, baina ez gehiegizkoa. Hala ere, % 26,3k uste du atzerritar gehiegi daudela gure artean.

Genero-berdintasuna

Genero-berdintasunaren arloan, adierazleek joera kezkagarriak erakusten dituzte. 2020tik 2022ra bitartean, beren burua feministatzat jotzen duten gazteen kopurua jaitsi egin da. Beherakada hori nabarmenagoa izan da 15-19 urte bitarteko mutilen artean. Aldi berean, genero-arrazoiengatik lan-diskriminazioa hautematen duten emakume gazteen kopuruak gora egin du.

Genero-desberdintasunak hainbat esparrutan gauzatzen dira. Hilean 175 euro garbiko soldata-arrakala dago emakume eta gizon gazteen artean, eta emakume gazteen % 60k baino gehiagok genero-arrazoiengatiko diskriminazioa bizi izan du. Segurtasun-gabezia nabarmena da: hamar emakumetik zazpik beldurra sentitzen dute gauez bakarrik beren ohiko ingurunean ibiltzerakoan, eta % 23,8k sexu-jazarpena jasan izan du sare sozialetan.

Genero-indarkeriaren inguruko datuek ere kezka sortzen dute. Arrazoi horregatik jarritako salaketen tasa mila emakumeko 9,8koa da 15-29 urte bitarteko emakumeen artean, Euskadin inoiz izandako mailarik altuena. Txostengileen arabera, egoera hori bat dator 15-19 urte bitarteko mutilen artean izan den jarrera ideologiko kontserbadoreagoen gorakadarekin, aipatu adin-taldeko mutilek babes txikiagoa erakusten baitute abortua, eutanasia, LGTBI eskubideak eta immigrazioa bezalako gaiekiko.

Advertisements