Nafarroak LHko eskaintza sei ziklo berrirekin zabalduko du

Nafarroa da bere ikasle ohien artean % 100eko enplegagarritasuna duen Europar Batasuneko hiru eskualdeetako bat

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 2025-2026 ikasturterako Lanbide Heziketako eskaintza zabalduko du. Guztira, 24 lanbide-familia ezberdinetako 178 heziketa-ziklo eskainiko dira, aurtengo ikasturtearekin alderatuta sei ziklo gehiago.

Aurrez aurreko zikloen lehen ikasturterako eskaintzak 6.811 plaza izango ditu. Plaza horietatik 756 Oinarrizko Graduetarako izango dira, 2.950 Erdi-mailako Graduetarako, 2.880 Goi -mailako Graduetarako eta 225 espezializazio-ikastaroetarako. Eskaintza zabal horrek estatuko prestakuntza-katalogoko ia lanbide-familia guztiak hartzen ditu, ‘Itsasoa eta Arrantza’ eta ‘Beira eta Zeramika’ familiak izan ezik.

Online modalitatea ere indartuko da, 32 heziketa-ziklorekin. Modalitate honetan eskuragarri dauden moduluen kopurua 341etik 401era igoko da, 60 modulu profesional berri eta 1.305 plaza gehiago eskainiz. Ikasle bakoitzak, batez beste, hiru modulutan izena ematen duenez, gehikuntza horrek 435 ikasle berri inguru ekar ditzake.

Nafarroako LH

Hezkuntza Departamentuak 2.037.700 euro inbertituko ditu ekipamendu espezifikoan eta 852.466 euro digitalizazioan eta berrikuntzan. Gainera, teknologia aplikatuko hamaika ATECA ikasgela berri ezarriko dira. Ikasgela aurreratu horien kokalekuak ikastetxeekin lankidetzan zehazten ari dira.

Datorren ikasturterako nobedadeen artean, Mendillorri BHIn Administrazio Kudeaketako teknikari profila euskaraz eskainiko dela azpimarratu behar da. Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan Serigrafia Artistikoko teknikari zikloa ere gehituko da, arte plastiko eta diseinuko lanbide-familien eskaintza zabalduz.



Sakana LHIPn Mikroinformatika Sistemak eta Sareak zikloa Administrazio Kudeaketa zikloarekin ordezkatuko da euskaraz, eta ETI Tutera LHIPn Soldadura eta Galdaragintza zikloa Mekanizazioko teknikari zikloarekin.

Goi Mailako zikloetarako, San Adriango Ega BHIn Administrazio eta Finantzetako goi-mailako teknikari zikloa ezarriko da. Bestalde, Energia Berriztagarrien Goi-mailako Zentro Integratuak (CISER) Eraikuntza Proiektuetako goi-mailako teknikari ziklo bat gehituko du, Virgen del Camino LHIPtik lekualdatua, non, aldi berean, Diseinu eta Fabrikazio Mekanikoko Goi Zikloa ezarriko den.

Espezializazio-ikastaroei dagokienez, Iruñeko Nekazaritza eta Basogintza Zentro Integratuak Loregintza eta Lore-arteko prestakuntza eskainiko du, zentroaren aspaldiko eskaera bat zena. Horrez gain, CISERek Lan Arriskuen Prebentziorako Goi-mailako gradua gehituko du modalitate birtualean, Nafarroako Osasun Eskola Profesional Teknikotik lekualdatua.

Nafarroako Lanbide Heziketa Estatuko erreferente gisa finkatu da. Nafarroa da bere ikasle ohien artean % 100eko enplegagarritasuna duen Europar Batasuneko hiru eskualdeetako bat, eta Estatuko autonomia-erkidego bakarra. Foru Erkidegoak, gainera, bost zentro publiko ditu Lanbide Heziketako Bikaintasun Zentroen Espainiako sarean integratuak.

Orientazio akademikoa errazteko, Hezkuntza Departamentuak familientzako hiru informazio-jardunaldi antolatu ditu martxoaren 21, 22 eta 28rako. Saio hauetarako izen-emateak martxoaren 17tik aurrera egongo dira eskuragarri esteka honetan.

Advertisements