Astronomo talde batek iragarri duenez, bost urte barru Lurratik eta teleskopiorik gabe ikusi ahal izango den eztanda emango da espazioan. Larry Molnar astronomoak azpimarratu duenez eztanda hori orain arte ikusi ez den zerbait izango da. Izan ere, aipatu eztanda bi izarren arteko talkaren ondorioa izango da. Izar horiek Zisnearen izar-multzoan aurkitzen dira, Iparraldeko gurutzea osatzen duten izarren artean, hain zuzen ere. Izar horiek sistema binario bat osatzen dute, hots, horietako batek bestearen inguruan bira egiten du. Astronomoek jakin ahal izan dutenez bi izarrek atmosfera bera partekatzen dute, azal beraren barruan diren bi kakahueteren antzera. Sistema binario guztietan bezala, bada nagusia den izar bat eta txikiagoa den beste bat. Astronomoek egin dituzten kalkuluen arabera, izar nagusi horrek gure eguzkia baino 1,4 aldiz handiagoa da. Izar txikiena, berriz, 0,3 aldiz handiagoa. Eztandaren ondoren nova gorri argitsu bat sortuko da. Aurreikuspenen arabera, urtebetez izar berri horren distira 10.000 aldiz handiagoa izango da. Zalantzarik gabe zeruan izango den izarrik distiratsuenetako bat izango da.
Astronomoek hiru urte eman dute KIC 9832227 izarra aztertzen eta, horrela, bere orbita sarritan aldatu dela ikusi ahal izan dute. Ibilera hori 2008an eztanda egin zuen V1309 Scorpii izarrak izan zuenaren antzekoa da eta, horregatik, KIC 9832227 izarrak ere amaiera bera izango duela iragarri dute.
Hau da astronomoek sistema binario bat osatzen duten izarren arteko talka iragartzen duten lehen aldia. Talde horren iragarpena zuzena bada, astronomoek bost urte izango dute horrelako fenomeno baten inguruko informazioa biltzeko.