Estazio meteorologiko batek inoiz neurtu duen airearen tenperaturarik hotzena (-89 gradu Celsius), 1983. urteko uztailean erregistratu zen Errusiako Vostok estazioan. Orain, berriz, marka berri bat erregistratu da.
Izan ere, Geophysical Research Letters aldizkarian argiratu berri den ikerketa baten arabera, Antartikako izotz geruzaren goialdean diren bailara txikietan ia -100ºC-eko tenperaturak erregistratu dira.
Aurreko ikerketa batean adituek hain tenperatura baxuetara iristeko beharrezkoak diren baldintzak azaldu zituzten. Horien arabera, haize arinak eta zeru oskarbiak izango lirateke faktore nagusi bakarrak; aldi berean, oso lehorrak diren haizeek ere rol garrantzitsua joka dezakete, baina, horretarako, zenbait egunez mantendu beharko lukete.
Aipatu ikerketa berri horretan 2004 eta 2016 bitartean hego hemisferioan eta neguan sateliteek jasotako datuak aztertu dira eta horietan, zenbait puntutan, -98º Celsiuseko tenperaturak eman direla ikusi da. Tenperatura horiek gauean erregistratzen dira, bereziki, uztaila eta abuztuan zehar.
Ingurune horretako atmosferan, hainbat kasutan, prezipita daitekeen ura 0,2 mm baino gutxiagokoa izan daiteke. Baldintza horietan ere, hain lehorra eta hotza izanik, aireak dagoen berotasun apurra harrapatu eta lurrazalera bueltan bidaltzen du.
Emaitza berrietara iristeko, adituek Antartikako izotz-geruzan diren sakonera gutxiko zokogune edo zuloak aztertu dituzte. Horietan, airea hotzagoa eta dentsoagoa da eta hainbat egunez manten daiteke bertan. Ondorioz, bertan den lurrazala eta airea bera errazago hozten dira. Aipatu baldintza horiek mantentzen diren bitartean airea oso tenperatura hotzetan mantenduko da.
-98ºC-eko marka berria ez dela behin betikoa izango uste dute adituek. Hain tenperatura hotzetarako beharrezkoak diren baldintza atmosferikoak zenbait astez egonkor mantenduko balira -100º Celsiuseko langa erraz gaindi daitekeela uste dute.