EAEko gazteen heren batek euskara du lehen hizkuntza

Wikipedian aurki daitekeen azalpenaren arabera, “gizabanako baten lehen hizkuntza (ama hizkuntza izenez ere ezaguna) gizabanako horrek jaiotzetik ikasi duen hizkuntza bat da, edo gizabanako horrek hobekien hitz egiten duen hizkuntza”. Euskal Herriaren kasuan, gaztelania eta frantsesaren eragina dela eta, ohikoa da bi lehen hizkuntza izatea, bereziki, belaunaldi gazteenetan.

Pasa den otsailaren 21ean Ama-hizkuntzen Nazioarteko Eguna ospatu zen eta, hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak euskara lehen hizkuntza duten biztanleen inguruko zenbait datu ezagutzera eman ditu. Horien arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko 5 eta 24 urte bitarteko gazteen heren batek (% 33,73) euskara (% 20,59) edo euskara eta gaztelania (% 13,14) du lehen hizkuntza. Gaztelania bakarrik lehen hizkuntza duten gazteen kopurua % 61,95ekoa litzateke eta beste hizkuntzaren bat duten gazteen kopurua, berriz, % 4,33koa litzateke.

1986an euskara lehen hizkuntza zuten gazteen kopurua biztanleria osoari zegokiona baino txikiagoa zen. 2016an, berriz, gazteen kopurua biztanleria osoaren batez bestekotik gora zegoen.

Herrialdeka, Gipuzkoa da euskara lehen hizkuntza duten gazte gehien dituena (% 51,53) eta jarraian, Bizkaia (% 26,4) eta Araba (% 17,44) aurkituko lirateke.

Euskararekin harremana duten beste hainbat datuekin gertatzen den bezala, azken urteetan bilakaera positiboa izan da euskara lehen hizkuntza duten gazteen kopuruan. Izan ere, pasa den mendeko 90. hamarkadako datuekin alderatuta, 11 puntu baino gehiagoko aldea dagoela ikus daiteke. Horrela, azken datuen arabera, euskara lehen hizkuntza duten gazteen kopurua % 33,73koa den bitartean, 1991n, euskara lehen hizkuntza zuten 25 urtetik beherako gazteen kopurua % 22,31koa zen (% 17,1 euskara bakarrik eta % 5,21 euskara eta gaztelania).

Hizkuntza baten erabileran gehien eragiten duen aldagaietako bat lehen hizkuntza da. Horrela, euskararen erabilera gehien egiten duen adin-taldea gazteena da. Azken 20 urtetan 17 puntutan hazi da.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.