Euskal Herriak oso lotura estua du nekazaritzarekin. Hainbat mendez, baserria gure gizartearen ardatz nagusietakoa izan da, baina azken hamarkadetan, nagusiki, globalizazioaren ondorioz, sektore hori krisian sartu da.
Zaila da egoeraren argazki zehatza ematea, besteak beste, horren inguruan diren datuak zaharkituta daudelako. Baina joera garbia da: gero eta pertsona gutxiago aritzen dira nekazaritzan eta aritzen diren horien batez besteko adina gero eta altuagoa da. Joera horrek sektorea bidegurutzean kokatu du; belaunaldi erreleboa ezinbestekoa da sektorearen etorkizuna bermatu nahi bada.
Arazoa ez da soilik gurean ematen. Europar Batasunean, adibidez, nekazari berrien gabezia arazo larritzat jotzen da. Mundu osoan antzeko egoera bizi dute. Mundu mailan nekazaritza eredu zehatz baten aldeko apustua egin da eta horrek kolokan jarri du gurea bezalako sistema tradizional bat.
Nekazaritza eta elikadura
Alderdi ekonomikoa hainbeste gailentzen den gizarte batean, nekazaritzak garrantzia galdu du. Munduko Bankuaren datuei erreparatuta, adibidez, sektorearen garrantzia munduko ekonomian, gero eta eskasagoa da. Eta gurean, antzeko zerbait gertatu da. Gaindegiak 2013an emandako datuen arabera, nekazaritzak Euskal Herriko Balio Erantsi Gordinaren (BEG) % 1,3 osatuko luke. Zenbait herrialde edo eskualdetan, berriz, kopuru hori askoz handiagoa da: % 19 Zuberoan eta % 16 Nafarroa Beherean.
Baina nekazaritzan ez dira torlojuak ekoizten. Nagusiki elikagaiak ekoizten dira, hots, gure janaria. Eta horregatik, nahiz eta ekonomikoki oso pisu handia ez izan (beste kontu bat da elikadura kate osoa aintzat hartuko balitz) ezinbestekoa da nekazaritza-sektore indartsu eta osasuntsu bat izatea gure elikadura-subiranotasuna bermatzeko. Gaur egun, jaten dugunaren zati handi-handi bat kanpotik dator eta zentzu horretan, nahiko mendekoak gara. Covid-19ak eragin duen itxialdian argi ikusi da elikadura funtsezko baliabidea dela.
UPV/EHUko Mirene Begiristainek eta Goiuri Alberdik azaltzen dutenez, nekazaritzak egun pairatzen duen krisia gainditzeko ezinbestekoa da gobernantza maila ezberdinetatik elikadura estrategia bat diseinatzea, horrek aukera emango baitu esparru horren inguruko dinamikak garatzeko.
Gero eta nekazari gutxiago
Begiristain eta Alberdiren ustez, nekazal esparruan lan egiten duten pertsonen kopuruan izan den jaitsieran eta belaunaldi erreleboaren arazoan eragiten duten faktore nagusiak hiru lirateke: lurrak eskuratzeko zailtasuna, egindako lanaren aintzatespenik eza eta bizi-baldintza duinak bermatzeko zailtasuna.
Nekazaritzan aritzeko ezinbestekoa da lurra izatea edo, behintzat, hori lantzeko aukera izatea. Gaindegiak jaso dituen datuen arabera, 1990az geroztik Euskal Herriko nekazaritzarako lurretan 80.000 hektarea baino gehiago galdu dira eta artifizializaturiko azalera bikoiztu egin da. 2018an egindako neurketen arabera, Euskal Herriak 20.900 kilometro koadro ditu. Azalera horren % 58 basoa eta eremu naturala da, % 38 nekazaritzarako lurrak, % 4 eremu artifizializatua, eta beste % 0,5, hezeguneak eta ur azalerak dira. Datuak 1990an jasotakoekin alderatuta, nekazaritzarako lurrak nabarmen jaitsi direla ikus daiteke, nagusiki, baso eta eremu naturalen eta eremu artifizializatuen mesederako. Nekazaritza-jarduerek errentagarritasunarekin eta merkatuko gainerako erabilerekin egin behar dute lehia: bizitegiak, industria eta azpiegiturak. Azken urteetan eremu artifiziala nabarmen handitu da Euskal Kostaldea-Aturrin, Bilbo Handian, Errobi Aturrin, Iruñerrian, Donostialdean, Durangaldean, Errobin eta Plentzia-Mungian.
Nekazal lanak duen aintzatespen falta ere esanguratsua da. Nekazariaren irudiak ez du normalean izen ona gizartean; ez da begi onez ikusten edota prestigio gutxi esleitzen zaio. Gaur egun gazte gehienek ez dute nekazaritza irtenbide profesional gisa ikusten eta horretan ari direnek, jarraian irakurri ahal dituzuen elkarrizketetan ikus daitekeen bezala, hainbat kasutan bigarren mailako lanbide batean aritzen ari direla sentitu izan dute. Izan ere, nekazari izatea lan handiarekin eta sufrimenduarekin lotzen den lanbidea edo bizimodua da. Ildo horretan, beharrezkoa litzateke nekazaritzaren dimentsio estrategikoa azpimarratzea, bereziki, elikagaien ekoizpenari eta ingurumenaren kontserbazioari dagokionean. Landa-guneetan diren bizi baldintzak, hiriekin alderatuta, ez dute irudi hori hobetzen laguntzen: mugikortasuna, Internet konexioaren kalitatea, zerbitzuak, isolamendua…
Azkenik, sektorearen etorkizuna bermatu nahi bada, ezinbestekoa da gutxieneko bizi-baldintza duinak bermatzea, eta horrek, jakina, diru-sarrerak bermatzea eskatzen du. Begiristainek eta Alberdik azaldu dutenez, gutxieneko diru-sarrerak aintzat hartuta, nekazarienak % 30 baxuagoak dira. Zentzu horretan, egun indarrean den elikadura-sistemaren barruan izateak kalte handia egin dio nekazaritzari, prezioek gorabehera handiak izaten dituztelako eta nekazariek ez dutelako gutxieneko prezio bat bermatuta. Oro har, nekazal produktuengatik ordaintzen diren prezioak ez direla justuak esan daiteke eta, horrek, ustiapenen errentagarritasuna kolokan jartzen du.
Dirulaguntzak
Testuinguru horretan, nekazaritza-jarduerak dirulaguntzen beharra du aurrera jarraitzeko eta errentagarritasun minimo bat bermatzeko. Finantzazio publikoaren iturri nagusia Europar Batasuneko Nekazaritza Politika Amankomunak baldintzatzen du. Politika horren xede nagusiak elikagaien ekoizpena eta nekazaritza-ustiapenen garapena bermatzea da, baina laguntzak, nagusiki, lehen helburura bideratzen dira. Ondorioz, ustiapen handienek laguntza handiagoak jaso ohi dituzte, banaketa lur eremuaren arabera egiten baita: kantitatea kalitatearen gainetik.
Euskadin ere asko dira nekazariei bideratutako laguntzak. Horietatik, agian, interesgarriena, gazteen ezarpenerako eta instalaziorako Gaztenek programa dugu. Administrazioko laguntzek Europako logika bera jarraitzen dute eta, zenbait kasutan, bete beharreko baldintzak oztopo bilakatzen dira.
Proposamen ofizialetik at, Europan zehar bestelako proposamenak garatzen hasiak dira. Gurean, adibidez, Baztango, Urduñako, eskola-jantokien eredua aldatzea helburu duen Bilboko ‘Gure platera gure aukera’ edo Iparraldean familia kanpoko erreleboa sustatzen duen ‘Trebatu‘ bezalako egitasmoak aipa daitezke. Proposamen horiek, maila batean, nekazari profil berri bati lotuta daude.
Belaunaldi erreleboa eta etorkizuna
Datuak eguneratzeke badira ere, agerian da euskal nekazaritzak belaunaldi errelebo bat behar duela. 40 urtetik beherako nekazari gazteen kopurua oso baxua da, % 5 ingurukoa. Ostera, jubilatzeko adinean diren nekazarien kopurua gero eta handiagoa da. Belaunaldi errelebo ildo nagusia familiartekoa da, hots, gurasoen ustiapenarekin jarraitzen duten gazteena. Hala ere, joera hori ere pixkanaka aldatzen ari da eta profil eta interes ezberdinak dituzten gero eta pertsona gehiago (new entrance) gerturatzen ari dira nekazaritza sektorera: hiritar eremukoak, atzerritarrak, gazteak…
Egoerak baikor izateko aukera gutxi eskaintzen baditu ere, Begiristainen eta Alberdiren ustez, gakoa garatzen ari diren proposamen berri horietan izan daiteke. EHUko kideen ustez, etorkizunera begira, bestelako ustiapenak garatu beharko lirateke, nekazaritza-industriatik alde egiten dutenak: ekoizpenean dibertsifikatuak (monokultiboak ez direnak), ekologikoak… Europan jada estrategia horiek nagusitzen ari dira. Hor dago, adibidez Farm to Fork (baserritik mahaira) estrategia. Horren baitan, 2030erako Europako nekazaritza-lurren % 25ek ekologikoa izan beharko luke.
“Gure baserria benetan nolakoa den erakusten dugu”
ANE ZEBERIO. Arriatzu Baserria (Hernani)
Baratzezain gaztea zara eta baserria zure lanbide egin duzu. Nola izan dira hastapenak?
Nire kasuan gurasoek hasitako lanari eman diot jarraipena. Hernaniko Arriatzu baserrikoak gara; nire gurasoek esne behiak zituzten eta duela zenbait urte horiek kendu eta baratzean zentratu ziren. Nire ikasketak amaitu ostean gurasoek hasitako ibilbideari ekin nahi niola erabaki nuen; gustukoa dut baserriko lana eta, gainera, sormena lantzeko aukera ere ematen dit.
Zein nolako lana burutzen duzue? Nola saltzen dituzue zuen produktuak?
Gurasoak bertako supermerkatu kate batekin hasi ziren lanera eta hara bideratzen da ekoizpenaren zati handi bat. Baina horrelako kasuetan, bada bete beharreko estandar bat, nagusiki, tamaina eta itxurari dagokionez. Hortik kanpo ez dute barazkirik erosten. Orduan, ikusi genuen kalitate handiko hainbat barazki salmenta bide horretatik kanpo geratzen zirela eta gure denda propioa zabaltzea erabaki genuen herrian bertan. Horrek beste negozio ildo bat zabaltzeko aukera emateaz gain, jendearekin zuzeneko harremana izateko eta benetako baserria nolakoa den erakusteko aukera eman digu.
Ohiko baratze lanean berrikuntza ere posible dela erakutsi duzue…
Gure barazkien ekoizpenak, gizartea eta kontsumo-ohiturak garatzearekin batera, eboluzio bat izan du. Behar horiei erantzunez sortu zen ‘Lixto’, barazki xehatua eta platererako edo janaria kozinatzeko prest. Modu horretan ‘itsusiak’ diren barazkiei ere irtenbidea ematen diegu. Baserrian mozketa eta ontziratzea egin ahal izateko areto bat egokitu behar izan dugu eta momentuz primeran doa.
Nekazaritza lana ez ohi da gazteon lehen aukera izaten. Zuretzat zaila izan al da?
Egia da nekazaritzak ez duela prentsa ona. Jendearentzat ez da oso mundu erakargarria; nahiko lan esklabua denaren sentsazioa da nagusi. Aldi berean, sektorean lan egiten dugunoei ere besteen azpitik egotea sentiarazi digute. Nik hala sentitu izan dut; erdeinuz tratatu izan gaituzte. Baina nik harrotasunez bizi dut. Oso garrantzitsuak gara. Dena ez da industria eta turismoa.
Zu bezalako gazte bati nekazal esparruan lan egitea gomendatuko al zenioke?
Bai, zergatik ez? Oso sektore polita da eta ez da jendeak uste duen bezain mugatua. Nire kasuan, denetarik egitea egokitu zait. Horretarako bokazioa izanez gero, saiakera egitea gomendatuko nieke. Nik sektore honetan lan egitea erabaki dut eta nahi dudan lana egiten bizi naiz. Beldurra askea da, ni neu ere beldur naiz, baina lanbide bat baino gehiago bizimodu bat dela esango nuke. Egia da lan handia egin behar dela, sakrifikatua, baina, aldi berean, konstante izaten irakasten dizu. Hori bizitzarako irakaspen garrantzitsua da. Zerbait ondo ateratzen ez denean aurrera egiten ikasi behar da eta lanean jarraituz gero, gauzak aurrera atera daitezke.
Nola ikusten duzu zure burua, nekazari bezala ala enpresari bezala?
Baserritarrak beti izan gara enpresariak. Beti landu behar izan dugu lurra eta, aldi berean, baserria kudeatu behar izan dugu.
“Ez nuke nire lana ezergatik aldatuko”
ARITZ EIZAGIRRE. Xarrondo Bekoa Baserria (Zumaia)
Zerk bultzatu zaitu nekazari izatera?
Gaztetatik garbi nuen baserrian lan egin nahi nuela. Etxean esne behiak genituen eta gustuko dudan lanbidea da. Gurasoek lan gogorra dela esaten zidaten eta hobe tailerrean lan egiteko. Baina tailerrean probatu eta, soldata ona bai, baina ez nintzen guztiz gustura. Tailerrik gabe bizi nintekeela ikusi nuen, baina ez ordea behirik gabe. Eta zentzu horretan, garbi izan nuen hartu beharreko erabakia.
Nola izan dira hastapenak? Familiak jada zuen ustiapenarekin jarraitu duzu…
Nire kasuan Gaztenek programara aurkeztu nintzen. Osabak esne behiak zituen baina jubilatzeko puntuan zen eta nik erreleboa hartzeko aukera ikusi nuen. Horretarako baserria errentan hartu behar izan dut, bestela ez nuen Gaztenekeko laguntza jasotzeko aukerarik. Gaztenekek proiektua garatzen lagundu dit begirale baten bidez eta, azkenean, enpresa-proiektua aurkeztu eta pasa den urtean esnetegi bat eratzeko aukera izan nuen. Funtsean egiten dudana da esnea ekoiztu eta ondoren zuzeneko salmenta egin eskualdeko hainbat puntutan. Izan ere, bada produktu freskoak nahiago duen jendea, nire kasuan, eguneko esnea. Ekoizten dudan esnearen zati bat Kaikuri saltzen diot eta bestea zuzeneko salmentaren bidez saltzen dut.
Urtebete eskas daramazu enpresa berriarekin eta jada beste negozio ildo bat zabaldu behar duzu…
Hala da. Nagusiki esnea saltzen jarraitu behar badut ere, jogurtak eta gazta ekoizten hasiko naiz. Gurea oso ustiapen txikia da, esnea ematen duten 30 bat behi inguru ditugu, eta horiek ematen duten esnearekin bakarrik errentagarritasuna lortzea zaila da. Baina behi gehiago izatea garestia da: ukuilu handiagoa, lurra, behientzako janaria erosi beharra… Orain jogurtak eta gazta egiteko azpiegitura prestatzeko inbertsioa egin behar dugu. Behin finkatuta, esne ekoizpenaren zati bat Kaikuri salduko diogu, beste bat nik neuk zuzenean salduko dut eta hirugarren parte bat jogurtak eta gazta egitera bideratuko dut.
Nekazaritzak ez omen du arrakasta handirik gazteen artean eta askok bigarren mailako lanbidetzat hartzen dute. Garbi dago zuretzat ez dela horrela…
Jende askoren ustez lan hau esklaboa da eta, are gehiago animaliekin lan egiten baduzu. Esne behiek, adibidez, arreta handia eskatzen dute, egunean bitan jetzi behar direlako: goizean eta gauean. Egia da lan honek beste lan batzuk baino inplikazio handiagoa eskatzen duela, batez ere bakarrik bazaude. Laguntza baduzu, ondo antolatuz gero, atsedenerako eta oporretarako aukera ere bada.
Zein da zuretzat zure lanbidearen alderdi positiboena?
Dena. Nik behintzat ez diot alderdi negatiborik ikusten. Egia da maila batean enpresari ere bazarela eta, zentzu horretan, gastu estra guztiak zure gain izaten direla. Hemen ezin zara gaixo jarri, baina nik ez nuke nire lana ezergatik aldatuko.
Txikitatik lanbidea ikasi duzu, baina negozioa kudeatzeko formakuntzarik jaso al duzu?
Alderdi ekonomikoa gestore batek eramaten du eta bestelako laguntza eta aholkularitza Abelur eta Lurgintzaren bidez lortzen dut.
70.000 eurorainoko laguntzak nekazaritzan hasten diren gazteentzat
Eusko Jaurlaritzak Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru-aldundiekin batera garatzen duen Gaztenek programa monitorizazio eta laguntza integral eta pertsonalizatuko zerbitzu bat da, lehen sektorean lehen aldiz instalatu nahi duten ekintzaileei zuzendua. Funtsean, ustiapen txiki bat garatu nahi duten gazteentzat pentsatuta dago, mikro edo enpresa txiki bat dena gainditu gabe.
Gaztenek 2004. urteaz geroztik dago martxan eta bere helburu nagusia da nekazari gazteak euskal nekazaritza-sektorean barneratzea eta horien jarraipena bultzatzea belaunaldi erreleboa bermatzeko.
Era berean, programak jada lanean ari diren nekazari gazteen egitasmoak ere babesten ditu. Lehentasunen artean dago, halaber, enpresa jasangarriak sortzea eta haztea, eta landa-eremuen tokiko garapena sustatzea.
Foru-aldundiek programa horretarako egiten dituzten deialdiek laguntza ekonomikoa eskaintzen diete nekazari gazteei beren nekazaritza-jardueren hasieran ezartzen laguntzeko, jarduera horiek ekonomikoki bideragarriak eta iraunkorrak izan daitezen.
Irizpideak
Aipatu dugun nekazari gazteentzako diru-laguntzen lerroaz gain, Gaztenekek zerbitzu integrala eta diziplina anitzeko laguntza-sarea ere eskaintzen ditu, nekazaritzako edo abeltzaintzako ustiategiaren ezarpenean gazteek arrakastaz aurrera egin dezaten.
Onartutako enpresa-planak barematzeko erabiltzen diren irizpideak honako hauek lirateke: egin beharreko gastuak eta inbertsioak, gazteak jarraituko duen ekoizpen-eredua, sektorearekiko aurretiko lotura eta asoziazionismoa.
Laguntza horiek jaso ahal izateko jarduera, gutxienez, bost urtez mantendu behar da. Dirulaguntza, gutxienez, 20.000 eurokoa izango da, laguntza onartu eta jardueraren lehenengo bi urteei dagokion soldatarako.
Zenbateko horretatik aurrera, laguntza hainbat kopuru-tartetan handitu daiteke, 70.000 euroraino gehienez, aurkeztutako proiektuak lortzen dituen puntuen arabera.
Programaren hartzaileek 18 urte baino gehiago eta 41 baino gutxiago izan behar dituzte, eta lurralde historikoetako batean kokatutako nekazaritza-ustiategi baten titulartasuna izan behar dute. Gainera, hautagaiek aldez aurretik egiaztatu beharko dute jarduera gauzatzeko behar diren prestakuntza eta ezagutzak dituztela.
HAZIk emandako datuen arabera, 2015. urtez geroztik, 750 gazte inguru hurbildu dira Gaztenek programara eta horietatik heren bat inguru emakume gazteak izan dira.