Abian da Gasteizko Udalak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatzen duten Gazte Txalentx egitasmoa. Bertan, izena ematen duten 14 eta 25 urte bitarteko gazteek mugikortasunarekin, energiaren eta uraren kontsumoarekin eta berdeguneen erabilerarekin zerikusia duten lau erronka jasangarri gainditu beharko dituzte.
Planteatuko diren erronkak dinamikoak, kolaboratiboak eta interaktiboak izango dira. Horrela, hiru astetan zehar, parte-hartzaileek honako erronka hauek gainditu beharko dituzte: “Kontsumismotik ihes egin: Scape room birtuala”, “Jasangarritasunaren alde nago eta bideoz kontatuko dizut”, “Gogoko logoa” eta “Oinez eta bizikletaz hirian zehar: km+, CO2-”.
Interesdunek banaka, binaka edo taldeka parte har dezakete, hirutik lau pertsonara. Gasteizen bizi, ikasi edo lan egiten dutenek bakarrik eman dezakete izena.
Sariak 180 euroko bi bonu izango dira lehen bi postuetan geratzen direnentzat. Hirugarren eta laugarren postuetan sailkatzen direnek, berriz, 100 euroko beste bi bono eskuratuko dituzte. Bonuak Gasteiz On elkartearen dendetan, ostalaritzan edo zerbitzuetan kontsumitu ahal izango dira.
Izena emateko epea datorren martxoaren 7an amaituko da. Izen-ematea bi modutan egin daiteke: online eta aurrez aurre (Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoan, Espainia plaza 1 behean).