Orgasmoa sexu-kitzikapenaren puntu gorenari dagokion erantzun fisiologikoa da. Emakumeon kasuan, orgasmora iristeko bide ezberdinak daude: klitoriaren bidez, G puntuaren estimulazioaren bidez, koitoaren bidez, A puntuaren bidez… Gizonen kasuan, berriz, orgasmoa zakilaren estimulazioaren bidez lortzen da eta ia kasuen % 100ean eiakulazioari lotura dago. Kasu bietan, hots, emakumeen zein gizonen kasuan, orgasmoak eragindako plazera garunean ‘ematen’ da. Gert Holstege neurozientzialariak 2013an egindako ikerketa batean orgasmoa sortzen den garuneko eremua zein zen zehaztu zuen: zurtoin zerebraleko tegumentu pontino dortsolateralaren ezkerraldea.
Azterlan ezberdinek agerian utzi dutenez, emakumeen % 25ak bakarrik lortzen du orgasmo bat izatea. Datu kezkagarria. Horrek, aldi berean, komunitate zientifikoa emakumeen orgasmoaren benetako funtzioa zein den planteatzera eraman du. Izan ere, gizonen kasuan, garbi dago orgasmoa ezinbestekoa dela ugalketarako. Hau da, orgasmorik eta eiakulaziorik gabe ernalketa ezinezkoa izango litzateke. Emakumeon kasuan, berriz, orgasmoa ez dago ugalketari lotuta; hots, haurdun gera gaitezke orgasmorik izan gabe. Horrela, koitoaren bidez baino, emakume gehienak orgasmora iristen dira masturbazioaren bidez.
Eta ugalketarako ezinbestekoa ez bada, zein da orgasmo femeninoaren benetako funtzioa? Bada, horren inguruan teoria ezberdinak daude: sexu-bikotekide egokia aukeratzeko, haurdunaldia errazteko espermari bulkada ematen diolako…
Funtzio egokitzaile bat izateari uzten dioten organo eta funtzio anatomiko guztiak desagertu egiten direla dioen eboluzioaren teoriari kasu egiten badiogu, orgasmo femeninoak funtzio zehatzik izango ez balu denborarekin desagertu egingo litzateke. Zientzialari asko ez daude ados arrazoibide horrekin, eta titiburu maskulinoen gaia adibidetzat jartzen dute, funtzio espezifikorik izan gabe denboran mantentzen baitira.
Argi dagoena da oraindik giza-sexualitateari buruz asko dugula jakiteko. Eta gaur egun ere emakumeen sexualitatearen inguruan dagoen errepresio guztiaren ondorioz, ezjakintasun hori askoz handiagoa da emakumeen orgasmoaren kasuan.