Iraila eta abendua bitartean, Bilboko Euskararen Etxeak “Hi(ZKI)bridoak. Literatura Mutanteak” kultura zikloaren bigarren edizioaren barruan izango diren bost jarduera hartuko ditu. Hi(ZKI)bridoak mutazioak, hizkiak, soinuak, bertsoak eta irudiak eraldatzen dituzten jarduerak dira. Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirola Sailak elkarlanean antolatzen duten egitasmoa da.
Aurtengo edizioak hainbat protagonista izango ditu: Ibon RG eta Anari musikariak, Mirande musika-egitasmoa, Uxue Alberdi idazle eta bertsolaria, Danele Sarriugarte idazlea eta Onintza Enbeitia eta Miren Artetxe bertsolariak, besteak beste. Parte-hartzaileek bertsoak, musika, literatura eta artea hibridatuko dituen programa batean parte hartuko dute. Jarduerak Lanku, Booktegi eta Loraldiaren laguntzarekin prestatu dira.
Laguntza sormena sustatzeko
Aurtengo edizioaren berrikuntzarik nagusietako bat euskarazko kultur jardueren sorrera sustatzeko abian jarri den laguntza da. Laguntza horri esker, 3.000 euro bideratuko dira datorren urteko edizioan estreinatuko den jarduera bat garatzeko.
Aipatu dirulaguntzaren xedea da euskaraz egiten diren kultur jarduera berriak ezagutzera ematea eta, aldi berean, diziplina eta adierazpen forma ezberdinetako sortzaileen artean elkarlana sustatzea eta bultzatzea.
Laguntza lortu ahal izateko hautagaiek guztiz euskaraz den kultur jarduera berri baterako gidoia aurkeztu beharko dute. Esan bezala, laguntza irabazten duen jardueraren estreinaldia datorren urteko Hi(ZKI)bridoak zikloaren markoan estreinatuko da.
Lanak aurkezteko epea datorren azaroaren 22an amaituko da. Epaimahaian bost lagun izango dira: Eneko Sagardoy, Lutxo Egia, Haizea Barcenilla, Onintza Enbeita eta Iurdana Acasuso. Epamahaiaren erabakia abenduaren 20an emango da ezagutzera.
2021eko egitaraua
Pasa den urteko edizioak literatura eta ahozkotasuna izan zituen ardatz. Pandemiak baldintzatutako urte berezia izan arren, programak oso harrera ona izan zuen.
Aurtengo programa bost saiotan banatu da:
- Irailak 23, “oMorruMU baMat”. Joxan Artzeri omenaldia egiteko asmoz, 2018ko udazkenean hasi ziren IbonRG eta Enrike Hurtado, ohiko dituzten lanabesekin lanean. Ibonek Artzeren hainbat olerki abiapuntu hartuta sortutako kantuak Enrikek berak sortutako software esperimentalekin uztartu ziren. Txalaparta interaktiboa, autotxalaparta eta soinua eraldatzeko programa horiek ahotsa, piano eta txalapartaren egurrak bat egiten dute lan honetan. IbonRG (ahotsa eta pianoa) eta Enrike Hurtado (txalaparta)
- Urriak 7, “Dendaostekoak”. Uxue Alberdiren azken lan literarioan oinarritutako literatur bertso-saioa. Uxuek gaiak jarriko dizkie Onintza Enbeita eta Oihana Iguaran bertsolariei, Aitor Nova Saxofonistaren doinuekin lagunduta.
- Urriak 29, Mirande. Jon Miranderen olerkietatik abiatutako musika-egitasmoa. Elena Setien (ahotsa eta teklatuak), Xabier Erkizia (elektronika) eta Grande Days taldea; hots, musika esperimentala ingelesez kantatu ohi duen abeslari bat, soinu artista eta ekoizle bat eta indie-rock talde bat. “Emaitza Frankenstein bat da”.
- Azaroak 11, Zientzia Fikziozko Bertso Saioa. Miren Artetxe, Eli Pagola eta Jone Uria (bertsolariak), eta Danele Sarriugarte eta Arrate Hidalgo (gidoilariak).
- Abenduak 17, “Habiak”. Anariren “Habiak” diskoan oinarritutako arte erakusketa kolektiboa; Anarik disko horretako zenbait kantu joko ditu.