Urte berria agurtzeko asmoa dut oraingo honetan. 2021ean zehar hainbat izan dira egindako lanak eta proposamenak. Jakingo duzuenez, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak gazteen iritzia administrazio zein espazio publikoetara eramatea du helburu eta, beraz, ildo horretan hainbat izan dira egindako lanak.
Lan ildo nagusia, bizitza proiektu duin bat garatzeko beharrarekin bat egiten du. Barnean, gazteok enplegu zein etxebizitza arloetan ditugun arazoak eta proposamenak mahai gaineratzen ditugu, administrazioetatik hartzen diren erabakietan kontuan har ditzaten. Gaur egun, EAEko gazte askok, Gazteen Euskal Behatokiaren arabera % 68k, aldi baterako kontratuak ditu. % 32 lanaldi partzialean dago eta % 22 langabezian. Etxebizitzari dagokionez, besteak beste, alokairu pribatuaren prezioak oso altua izaten jarraitzen du eta emantzipazio-tasa 30 urtetan dago. Beraz, bizitza proiektu duin bat sortzea oso urrunetik ikusten dugu.
Datu batzuk baino ez ditut aipatu, izan ere oraingo honetan proposamen eta erronketan jarri nahi dut fokua. Hainbat dira EGKtik egiten ditugun proposamenak egoera era batera edo bestera hobetzen joateko. Enpleguan, argi dugu kalitatezko enpleguak sortzeko beharra dagoela. Horretarako, beka zein praktika bezalako kontratazio formulekin bukatzea proposatzen dugu. Lan ikuskaritza handitzea ere lagungarria litzateke lanpostuen baldintzak aztertu eta behar bezala ezagutzeko. Datuetan ezberdintasun bat dago emakume gazte eta gizon gazteen artean; berdintasun planak ezartzea ezinbestekoa ikusten dugu arazoari aurre egiteko. Honekin batera, ikuspegi intersekzionala txertatzea beharrezkoa da. Hori noski, ez da bakarrik enpleguan kontuan izan beharreko zerbait, gizartean eragiteko formula izan behar da. Etxebizitza arloan, gomendatzen da soldataren % 30 baino gutxiago bideratzea etxebizitzaren gastuetara eta, gaur egun, bikoitza baino gehiago bideratzen dugu EAEko gazteok. Hori horrela, ezinbestekoa ikusten dugu parke publikoa handitzea eta alokairu soziala bultzatzea besteak beste.
Bestelako gaiak
Bizitza proiektu duin bat garatzeaz gain, beste hainbat gai ditugu gazteok gure egunerokoan. Hezkuntzan, besteak beste, gure proposamenak ditugu. EGKn lanketa egin da hezkuntza formalean zein astialdian, egungo egoeran ere ekarpenak islatzeko. Hezkuntza formalean legebiltzarrera joan eta ikaslea subjektu aktibo gisa kontuan izatea adierazi genuen, izan ere, garrantzitsua ikusten dugu ikaslea hezkuntza sistemaren parte aktiboa izatea, hartu-eman bat egotea. Astialdian, berriz, hezkidetzaren lanketa garrantzitsu bat jorratu dugu, izan ere, astialdiko elkarteetan hezkidetza lantzeko beharra identifikatuta egon arren zenbait gabezi identifikatu ziren; formakuntza falta, baliabideen beharra… Hori horrela, lanean jarraitzen dugu astialdian hezkidetza behar bezala lantzeko.
Hauek dira 2021. urtean zehar Etxebizitza, Enplegua eta Hezkuntza arloetan landutako zenbait gai, baina aldi berean, Partaidetza, Berdintasuna eta Bake eta Bizikidetza arloetan ere lanean aritu gara. Hainbat izan dira proiektuak eta lanak egoeraren azterketa egiteko eta hortik proposamenak lortzeko.
Urte berri bat hasten denean ohitura dago urtarrilean, edo batzuetan aurreko urtea amaitzeko dagoenean, erronka berriak zehaztea eta horretan zentratu beharko gara urteko lehen hilabeteetan. Baina esaten edota ezartzen ditugun erronka horiek berriak al dira?
Galdera hau gure buruari egin diogu eta argi dugu erronka batzuk aurreko urteetatik izango ditugula oraindik betetzeko, zenbait erronka epe luzera begirakoak direla eta beste asko berriak izan beharko direla, batez ere, pandemiaren ondorioen arabera. Asko dira urte berri honetarako aurretik ditugun erronkak eta zehaztu behar ditugunak baina Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik indarrarekin hasi dugu urtea erronka horiei guztiei aurre egiteko. Ongi etorri 2022!