Abian da Beldur Barik lehiaketaren XV. edizioa

12 eta 20 urte bitarteko gazteek azaroaren 8ra arte aurkeztu ahal izango dituzte Beldur Barik jarrera islatzen duten beren ikus-entzunezko lanak

Berdintasuna sustatzea eta indarkeria sexistaren aurka sentsibilizatzea helburu duen Beldur Barik lehiaketaren aurtengo edizioa martxan da. Euskadin bizi diren 12 eta 20 urte bitarteko gazteek datorren azaroaren 8ra arte izango dute beren ikus-entzunezko lanak aurkezteko aukera.

Lehiaketak berdintasunarekin eta indarkeria sexistaren gaitzespenarekin duten konpromisoa erakustera gonbidatzen ditu parte-hartzaileak. Horretarako, hiru minutu baino gutxiagoko iraupena duten bideoen bidez adierazi ahal izango dituzte beren gogoetak eta jarrerak. Lanek programak “Beldur Barik jarrera” gisa izendatzen duena islatu behar dute, hau da, neskek eta mutilek desberdintasun-egoerei aurre egiteko eta elkarrekiko errespetuan, askatasunean, autonomian eta erantzukidetasunean oinarritutako harremanak eraikitzeko modua.

Lehiaketan banaka edo taldeka parte hartu ahal izango da. Hiru kategoria izango dira adinaren arabera: 12-14 urte, 15-17 urte eta 18-20 urte. Kategoria bakoitzean bi lan sarituko dira: irabazlea, 400 eurorekin, eta aipamen berezia, 200 eurorekin. Gainera, 300 euroko bi sari gehigarri emango dira: lehena ikus-entzunezko lan onenari eta, bigarrena, boto gehien jaso dituen bideoari.

Beldur Barik 2024 abestia

Lehiaketaren hasiera dela eta, 2024ko edizioko abesti ofiziala ere lehiaketaren abesti ofiziala ere ezagutzera eman da. Hainbat artistak elkarlanean sortua, gaiak gazteak indarkeria matxistaren aurrean jarrera aktiboa hartzera bultzatu nahi ditu. Konposizioa eta ekoizpena Garazi Zabaleta Mendizabalek egin ditu, Víctor Sánchezen (Elkar Estudioa) nahasketa eta mastering-arekin. Leire Olariagak (Ithaka), Africak (Miss Afrika Bibang) eta Ane Agirrek (Biren) interpretatu dute abestia, eta Lexlie@wambramorenak bideokliparen koreografia diseinatu du.

Beldur Barik lehiaketa Emakundek antolatzen du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiekin eta EUDELekin elkarlanean.