Abian da CAF-Elhuyar sarien aurtengo edizioa

Euskarazko dibulgazio zientifiko eta teknologikoa sustatzea helburu duen sariketa hau lau kategoriatan banatuta dago.

Datorren uztailaren 1era arte zabalik izango da CAF-Elhuyar sarietarako euskarazko dibulgazio zientifiko eta teknologikoko lanak aurkezteko epea. Elhuyarrek CAFekin lankidetzan eta Neiker-en babesarekin antolatzen duen sariketa honen xedea da euskarazko dibulgazio zientifiko eta teknologikoko lanak aintzatestea eta sustatzea.

Aurtengo edizioaren leloa ‘Konta(kta)tu’ da eta , horren bidez, egileak, profesionalak, zientziazaleak edo zientzia-arloko eragileak, beren ezagutzak, ikerketak eta proiektuak partekatzera animatu nahi dira, baita gizartearen kezkekin eta beharrekin konektatzera ere.

Sariketa lau kategoriatan banatuta dago:

  • Dibulgazio-artikulua: Irabazleak 2.000 euro, Elhuyar aldizkarirako urteroko harpidetza eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat jasoko ditu.
  • Doktore tesian oinarritutako artikulua: Irabazleak 2.000 euro, Elhuyar aldizkarirako urteroko harpidetza eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat irabaziko ditu.
  • Zientzia-kazetaritza: Irabazleak 2.000 euro, Elhuyar aldizkariaren urteroko harpidetza eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat jasoko du.
  • Sorkuntza-beka: Zientzia eta teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza jorratzen duten proiektuei zuzenduta dago. Hautatuak diren lanek, garaikurraz gain, 5.000 euroko dirulaguntza jasoko dute proiektua garatzeko.

Gainera, NEIKER saria emango zaio lehen sektorearekin lotutako artikulurik onenari. Sari honek 2.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat ditu, eta bateragarria da gainerako sariekin.

Lanak  uztailaren 1a baino lehen aurkeztu behar dira cafelhuyarsariak.elhuyar.eus helbidean.