Abian Durangoko Abesti Feministen VI. Lehiaketa

Lanak aurkezteko epea otsailaren 15ean amaituko da. Martxoaren 4tik 14ra bitartean bozketa telematikoa egingo da eta boto gehien lortzen dituzten 12 lanekin kontzertu bat egingo da.

Durangoko Udaleko Berdintasun Sailak Abesti Feministen VI. Lehiaketan izena emateko epea zabaldu du. Ekimen horren xedea da emakumeen eskubideen ikuspegitik musikaren arloan adierazpena eta sormena saritzea. Deialdi honen bidez, Durangoko Udalak genero berdintasunaren inguruan parte-hartze aktiboa eta hausnarketa sustatzea du helburu, hizkuntza artistikoaren eta musikaren bidez.

Aurtengo edizioan, emakumeak eta haien eskubideak elementu nagusi gisa jartzen dituzten hainbat musika-konposizio onartuko dira. Lehiaketa bi kategoriatan banatu: lehena, 16 eta 30 urte bitartekoentzat eta, bigarrena, 30 urtetik gorakoentzat.

Sariak

Gazteei zuzendutako kategorian, abesti bakarlari onenari (600 euro) eta talde-lan onenari (600 euro) sariak emango zaizkie. Bitartean, 30 urtetik gorakoentzako kategorian, abesti bakarlari onena (500 euro) eta taldeko aurkezpen onena (500 euro) sarituko dira. Bereziki balioetsiko dira bai letraz bai musikaz jatorrizko sorkuntzak diren konposizioak.

Aipatutako sariez gain, bi kategorietako parte-hartzaileek hainbat sari gehigarri jasotzeko aukera izango dute. Horien artean daude Publikoaren Saria Abesti Onenari (350 euro), Euskarazko Abesti Onenaren Saria (350 euro) eta aipamen bereziak (150 euro).

Irabazleak aukeratzeko bozketa telematikoa egingo da. Martxoaren 4tik 14ra, Durangon erroldatutako 16 urtetik gorakoek boto bakarra eman ahal izango dute www.partehartu.durango.eus plataformaren bidez.

Lehiaketaren azken fasean aukeratutako 12 talde edo bakarlariek parte hartuko dute, eta martxoaren 16an, 19:00etan, Plateruenan kontzertu batean aurkezteko aukera izango dute.
Lanak aurkezteko azken eguna otsailaren 15a da, eta lehen aldiz, Durangoko Udalaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen inprimaki baten bidez egin beharko da izen-emate elektronikoa.

Parte hartzen duten lanen grabazioak YouTubeko esteka baten bidez eman beharko dira.