Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) abian jarri du Etikasi programaren hirugarren edizioa. Egitasmo horrek 18 eta 30 urte bitarteko Lanbide Heziketako Erdi eta Goi Mailako heziketa zikloetako eta Unibertsitateko graduko ikasleei giza eskubideen urraketak bizi izan dituzten hirietara bidaiatzeko aukera eskaintzen die. Aurten bi bidaia egingo dira: uztailean bost egunetako bidaia egingo da Irlandako Iparraldera eta urriko asteburu batean Gipuzkoako bi herri bisitatuko dira: Errenteria eta Pasaia.
Etikasi programaren xedea da gazteei etika eta giza eskubideen inguruan ikasteko aukera ematea, betiere, hausnarketa sustatzeko. Horretarako, giza eskubideen urraketak bizi izan dituzten Europako herriak bisitatzen dira, hala nola, kontzentrazio-esparruak hartu zituzten herriak edo indarkeria kasu larriak bizi izan dituzten eskualdeak. Bidaia horietan bertan bizi direnen tokian jartzeko eta bertan jazotakoa ulertzeko aukera ematen da.
Giza eskubideak
Giza Eskubideen hezkuntzaren ikuspuntutik, gertakari traumatikoak pairatu izan dituzten tokiak ezagutzeak pedagogikoki indar handia du.
Esan bezala, programa zabalik da EAEn ikasten ari diren 18 eta 30 urte bitarteko Lanbide Heziketako Erdi eta Goi Mailako heziketa zikloetako eta Unibertsitateko graduko ikasleentzat. Izena ematerakoan honako alderdiak hartuko dira kontuan: hautagaiek Etikasin parte hartzeko duten motibazioa; originaltasuna eta sormena; eta, giza eskubideen inguruko hausnarketa kritikoa.
Interesatuta dauden gazteek EGKren web gunean den inprimakia bete eta bidali beharko dute. Inprimakiak bidaltzeko epea martxoaren 13an amaituko da. Gainera, martxoaren 16 baino lehen, honako agiri hauek ere bidali beharko dira:
- Egiten ari diren ikasketetan onartuak izanaren ziurtagiri bat (matrikula, adibidez).
- Giza Eskubideen eta bizikidetzaren arloarekin zerikusia duten interesak, kezkak eta esperientziak azaltzen dituen motibazio gutun bat. Euskaraz zein gaztelaniaz idatzi daiteke.
- Giza Eskubideen inguruko hausnarketa propio bat (900 hitzekoa gutxienez eta 1.500 gehienez).
- Ingeleseko B2 maila frogatzen duen ziurtagiria.
Guztira 20 plaza eskaintzen dira. Epaimahai batek aukeratuko du hautagaitza guztien artean bidaia horietara joango diren lagunak.
Argibide gehiago: bakea@egk.eus