Abian da LUMAfest!, gazteentzako mikrokontakizunen lehiaketa

Gazte-literaturari eta gazte-sorkuntzari eskainitako jaialdi honek bere hirugarren edizioa ospatuko du irailaren 12tik 14ra bitartean Koldo Mitxelena Kulturunean

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak LUMAfest! jaialdiaren mikrokontakizun lehiaketaren edizio berri bat jarri du abian. Gazte-literaturari eta gazte-sorkuntzari eskainitako jaialdi honek bere hirugarren edizioa ospatuko du irailaren 12tik 14ra bitartean Koldo Mitxelena Kulturunean.

Mikrokontakizunen lehiaketa LUMAFest! jaialdiaren barruan antolatzen da eta 14 eta 21 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie. Hautagaiek irailaren 3ra arte izango dute beren lanak aurkezteko epea zabalik. Kontakizunek gehienez 240 karaktere izan beharko dituzte eta argitaragabeak izan beharko dute. Aurtengo edizioan ‘Ahotsa entzun’ adierazpena izan beharko dute. Lanak Instagram edo Twitter/X bidez partekatu beharko dira #lumafestibalamikros traola erabiliz edo @lumafestibala profila aipatuz.

Lanak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez daitezke, lehiaketak kategoria bat baitu hizkuntza bakoitzerako. Kategoria bakoitzean bi kontakizun irabazle aukeratuko dira, eta sarituek 180 euroko balioa duen liburu-sorta bat jasoko dute.

Behin parte hartzeko epea amaituta, jaialdiaren antolatzaileek finalistak aukeratuko dituzte. Irabazleen izenak irailaren 12an iragarriko dira gaztelaniaz parte hartzen dutenentzat, eta irailaren 13an euskaraz egiten dutenentzat.