Hamar izango dira Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxa Fundazioak antolatzen duten Katapulta Tour Gipuzkoaren aurtengo edizioan parte hartuko duten artistak. Zehazki, horietako zortzi musika arloko artistak izango dira eta beste biak, aldiz, arte eszenikoetakoak. Musika arloko artistak Akaleia, Erromintxelak, Esanezin, Indabe, Latido, Noir Socha, Pelax eta The Donkey Riders izango dira. Arte eszenikoetakoak, berriz, Kalte Kolektiboa eta Lauzpabost Stand Up izango dira.
Katapulta Tour Gipuzkoaren xedea da musikaren eta arte eszenikoen arloan Gipuzkoako talentuei balioa ematea eta bultzatzea. Hautatutako artistei 400 euroko konpentsazio ekonomikoa eskaintzen zaie emanaldi bakoitzeko. Babes horrek, artistei laguntzeaz gain, Gipuzkoako kultur eszena dinamizatzen ere laguntzen du, bertako klubei eta antolatzaileei ere babesa emanez.
IX. edizioa
Aurtengo edizioan, Katapulta Tour Gipuzkoak berrikuntza garrantzitsu bat dakar. Horrela, izena eman duten proiektu guztiek doako sarbidea izango dute komunikazio eta sustapena; eszenografia, ekoizpena; eta, ekonomia eta fiskalitateko prestakuntza-programara. Kutxa Fundazioaren Kluba aretoa, gainera, bigarren urtez jarraian, adierazpen artistikoen aniztasunari lekua egiteko espazio eszenikoa izango da.
Aurtengo edizioa inskribatutako proiektuen aniztasun geografikoagatik nabarmentzen da, Andoain, Azpeitia, Eibar, Errenteria, Irun, Orio, Pasaia, Tolosa, Zumaia eta Zumarragatik etorritako proposamenekin. Deialdiak 121 musika proiektu eta 28 arte eszeniko erakarri ditu, eskualdeko eszena artistikoaren indarra eta bizitasuna agerian utziz.
Demografiari eta hizkuntzari dagokienez, euskarazko proiektuen presentzia (83), 30 urtetik beherako kideen parte-hartzea (67) eta hainbat proiektutan emakumeek duten ordezkaritza (70) nabarmentzen da, arte-eszenan inklusibitatearekiko eta ekitatearekiko konpromisoa islatuz.
Egitasmoa hau martxan jarri zenetik, Katapulta Tour Gipuzkoak 713 artistaren 1027 izen-emate jaso ditu guztira, 114 proiekturi babesa emanez (88 musikakoak eta 26 arte eszenikoetakoak).