Agur korritze-barra infinituari

Google ohiko orrikatze-sistemara itzuliko da bere bilatzailearen mahaigaineko eta mugikorreko bertsioan

2022ko abenduan, Googlek scroll jarraitua eta amaigabea ezarri zuen mahaigaineko bilatzailean, urtebete lehenagotik ezaugarri hori zuen bertsio mugikorraren urratsei jarraituz. Aldaketa horren helburua erabiltzaileen esperientzia hobetzea zen. Izan ere,  bilaketaren emaitzetan zehar etenik gabe nabigatzeko aukera ematen zuen, “Gehiago ikusi” botoia sakatu beharrik gabe.

Googleren scroll edo korritze-barra infinitua Instagram, Twitter edo TikTok bezalako aplikazioetan inspiratu zen, non pantaila etengabe beherantz lerratzea praktika arrunt eta adiktibo bihurtu zen, ‘doomscrolling’ bezala ezagutzen dena. Hala ere, bilatzailean ezarri ondoren, Googlek ezabatzea erabaki du.

Search Engine Land-en txostenen arabera, Google bere bilatzailearen mahaigaineko bertsioan korritze-barra infinituaren aukera desaktibatzen hasi da eta bertsio mugikorrak bide bera jarraituko du datozen hilabeteetan.

Erabaki hori hainbat faktorek eragin dute. Nagusiki, Googlek argudiatzen du aldaketa horrek bilaketa-emaitzak azkarrago zerbitzatzea ahalbidetuko duela, erabiltzaileek eskatu ez zituzten emaitza gehigarriak beharrik gabe kargatzea saihestuz. Era berean, ez dirudi emaitza gehiago automatikoki kargatzeak Googleren erabiltzaileen gogobetetzea hobetzea ekarri duenik.

Orain, erabiltzaileek berriro ikusiko dute orrikatze-barra bat, scroll jarraitua ezarri aurretik zegoen sistemaren antzekoa. Metodo horri esker, emaitzen orrialdeen zerrenda zenbakidunean sartu ahal izango da, eta horrek, ustez, nabigazioa erraztu eta informazioa bilatzeko eraginkortasuna hobetu beharko luke.