Aisialdi alternatiboa eta digitala sustatzeko jardunaldia

Urtarrilaren 20an, gazteen bideojokoen eta teknologia berrien erabilera positivo eta osasungarria sustatzeko jardunaldi bat izango da Iruñeko Gaztediaren Etxean

Datorren larunbatean, urtarrilak 20, Iruñeko Gaztediaren Etxeak eta Game Over Elkarteak antolatuta, ‘Aisialdi alternatibo eta digitaleko arratsaldea’ egingo da gazteen artean bideojokoen eta teknologia berrien erabilera positibo eta osasungarria sustatzeko. Jardunaldia 17:00etatik 21:00etara izango da, eta 12 eta 30 urte bitarteko gazteentzat diseinatutako doako hainbat jarduera eskainiko ditu.

Proposamenak hiru arlo tematiko izango ditu, parte-hartzaileek hainbat generotako bideojokoak probatu, errealitate birtualarekin esperimentatu eta zibersegurtasunari buruz gehiago jakin ahal izateko. Jarduera guztiak, giro ludiko batean, ikaskuntza, praktika eta lehiaketa sustatzeko diseinatuta daude.

Ekimenak zibersegurtasunaren garrantzia jorratuko du, sare sozialen erabilera arduratsua sustatzea helburu duen erakusketa baten bidez, gazteei plataforma digitalak segurtasunez erabiltzeko tresnak emanez.

Guneak

Gaztediaren Etxeak hiru gune izango ditu jarduerak egiteko. Lehenik eta behin, jolas libreko gune batek bost pertsona arteko taldeei aukera emango die arratsaldean zehar hainbat bideojoko probatzeko. Arlo hori osatzeko, kirol-bideojokoei eta musika ardatz duten bideojokoei buruzko beste atal bat izango da, jarduera fisikoa sustatuz teknologia berrien erabilera sozialaren testuinguruan.

Jardunaldian izango den beste jarduera nagusietako bat errealitate birtualeko betaurrekoekin egingo den ‘Oculus Quest 2’ izango da. Parte-hartzaileek teknologia berritzaile hori esperimentatu ahal izango dute hainbat bideojokoren bidez, haien erabilgarritasuna eta maneiatzeko moduak aztertuz.

Arratsaldeari amaiera emateko, Game Over Elkarteak Trivialaren bertsio bat prestatu du, aisialdi digitalaren gaiarekin lotutako galderak ardatz hartuta. Galdera-erantzunen joko hori taldeka egingo da 18:00etatik aurrera, eta lehen eta bigarren postuan geratzen diren horiek sariak lortuko dituzte. Sari banaketa programatuta dago jardunaldiaren amaierarako, 21:00ak inguruan.

Game Over 2020an sortu zen, eta gazteen artean aisialdirako baliabide digitalen erabileran aurreiritziak ezabatzea eta segurtasuna sustatzea du helburu. Elkartearen helburua da gogoeta egitea eta laguntzea sorkuntza artistiko digitala eta online sozializatzeko modu berriak erabiltzen, gaur egungo gazteen ohituretan jada errotuta dauden alderdiak.