Aisialdi alternatiborako 27 jarduera Gauekoak-en eskutik

Jarduera guztiak doakoak dira eta horien inguruko argibideak programaren webgunean aurki daitezke.

Gasteizko Gauekoak programa bueltan da. Programak aisialdi alternatibo eta osasungarrirako jarduerak eskaintzen dizkie hiriko 16 eta 30 urte bitarteko gazteei. Iraila eta abendua bitartean luzatuko den udazken-negu denboraldirako, adibidez, 27 dira antolatu diren jarduerak.

Besteak beste, sormena, euskararen erabilera, emakumeen ikusgarritasuna, irisgarritasuna eta gizarteratzea eta herritarren parte-hartzea sustatzearen alde egiten duten kultura edo kirol arloko jarduerak programatu dira.

Gauekoak

Gauekoak gazteek eta gazteentzat antolatutako ekimena da, eta Gasteizko Udalaren laguntza du, Gazteria Zerbitzuaren bidez. Esan bezala, Gauekoak programan 16 eta 30 urte bitarteko gazteek parte har dezakete. Asteburuetarako programatutako jardueren artean, adibidez, honako hauek daude: kontzertuak, abentura-kirola, antzerkia eta lantegiak, zeramika-tailerrak, hainbat argazkigintza-ikastaro, akroyoga, gazteentzako sexualitate-saioak edo euskarazko irakurketa-kluba.

Jarduera guztiak doakoak dira eta jarduera guztien inguruko argibideak programaren webgunean aurki daitezke.