Deustoko Unibertsitateko ADEk badu International Management Skills programa jarraitzeko aukera, eta programa horren barruan dagoen ikasgaietako bat da International Team Working (ITW). Ingurune multinazional eta multikultural batean moldatzeko beharrezkoak diren trebetasunak lortzea du helburu programak. Horretarako, besteak beste, komunikazio-trebetasunak, negoziazio-teknikak eta talde-lana eta lidergoa lantzen ditu. ITWen ikasleek, 4-5 kidez osatutako taldeetan bilduta, GKE batek luzatu dien diru-bilketa erronka bati aurre egiten diote.
ITW irakasgaiko bi talde Alboanekin aritu dira elkarlanean aurten, honako bi proiektuentzat ekarpenak eginez:
- Emakumeak Martxan: mugikortasun-testuinguruan indarkeria jasaten duten Afrikako emakumeen ahalduntzea bideratzen duen proiektua da.
- Breaking the Wall: migratzaileei eta errefuxiatuei buruzko albiste faltsuak eta aurreiritziak desmuntatzea helburu duen ‘escape room’ jolasa da. COVID-19ak eragindako pandemia globalaren ondorioz ahulezia bereziko egoeran dauden komunitateei eta pertsonei babesa eskaintzeko funtsak lortzeko martxan jarritako ekimena da.
Bi proiektuek migrazio eta errefuxiatze prozesuekin lotura dute, eta ikasleek diru-bilketaren erronkarekin batera unibertsitate-komunitatean harrera kulturari ekarpena egiteko erronka jaso dute. Bi kasuetan prozesua honakoa izan da:
- Ikasleek behartutako lekualdaketa eta generoari buruzko oinarrizko formakuntza jaso zuten Alboanen eskutik, eta baita migrazioari buruzko aurreritzi eta datu faltsuei buruzkoa, bi proiektuak ezagutu eta ulertzeko oinarrizko kontzeptu eta informazioarekin batera.
- Ikasleek Deustuko Unibertsitateko hezkuntza-komunitatean migratzaileei harrera egiten dien erakunderen batekin harremanetan dauden pertsona identifikatu zituzten (ikasleak, irakasleak, langileak, ikasleen familiak), pertsona horien esperientzia eta motibazioak ezagutzeko. Horrela ikasleek inguruneko harrera-esperientziaren bat ezagutu zuten eta inguruko pertsonen testigantzen bidez gaiarekiko konexio eta sentsibilitate sakonago bat lortu.
- Aurreko bi pausoetan lortutako informazioarekin, diru bilketa egiteko estrategia osatu zuten. Horren xedea, beti ere, unibertsitate-komunitatearengan sentsibilizazioa garatzea ere zen.
Nola gauzatu diren
Prozesua ez da erraza izan. Alboanek egiten duen lana transmititzen jakin behar izan dute ikasleek. Alde batetik, informazio tratamendu egokia eginez eta bestetik proiektuaren atzean dagoen errealitate eta pertsonekiko enpatia pizten saiatuz. Hala ere, dirua eskatzea ez da izaten gauza xamurra, eta sentsibilizazioa egiteaz gain dirua lortzeko modu eraginkorrak topatzeko kreatibitatea ere martxan jarri behar izan dute. Ikasle talde biek hartutako bide nagusia donazio puntualena izan da. Horretarako janari eta kafe salmenta postuak jarri zituzten. Bertan proiektuei buruzko informazioa eta jendeari bere diruaren truke gauza gozoren bat ere eskaini zitzaien. Escape roomaren kasuan partidak saltzea zaila egin zitzaienez eta jasotako dirua Covid-Larrialdia proiektura bideratzen zenez, azkenean bide hori ere jorratu zuten. Horretarako modu berriak ere uztartu zituzten, hala nola, unibertsitatean kirol jarduera solidario bat antolatuz. Horrela Emakumeak Martxan taldeak 320€ eskuratu zituen eta Breaking the Wall taldeak 232€. 250 pertsonetatik gora proiektuei buruzko informazioa jaso zuten ITW ikasleen eskutik.
Diru-bilketa prozesuetan pentsatzen dugunean, gazteak ez dira izaten burura etortzen zaizkigun lehenak. ITW taldeek erakutsi digute, ordea, gazteek ekarpen handia egin dezaketela, funtsak lortzeko proiektuak antolatuz zein euren dirua proiektu sozialetara bideratuz.