Alokairurako eta emantzipatzeko laguntzak Getxon

Getxoko Udalak 250.000 euro bideratuko ditu udalerriko gazteei emantzipatzen laguntzeko

Getxoko Udalak 18 eta 35 urte bitarteko gazteei etxebizitzak alokairurako eta emantzipatzeko laguntzak  eskainiko dizkie. Laguntza horiek eskatzeko epea ekainaren 30ean amaituko da eta 250.000 euro bideratuko dira horietara. Deialdi horren helburua da tokiko gazteen emantzipazio-prozesua babestea eta udalerriko eremu guztietan alokairuko etxebizitza eskuratzeko aukera erraztea.

Baldintzak

Eskatzaileek hiru deialditan jaso ahal izango dituzte laguntzak: % 100, % 75 eta % 50eko ordainketekin, hurrenez hurren. Baimendutako gehieneko alokairu-errenta 1.100 eurokoa da, eta dirulaguntzaren zenbatekoa alokairu-gastuen % 20 eta % 50 artekoa izango da, garajea edo trastelekua bezalako eratxikiak, komunitate- eta administrazio-gastuak kontuan hartu gabe. Laguntzak gehienez ere 12 hileko kuota izango ditu, 2023ko uztailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era bitarteko aldiari dagozkionak.

Getxoko Udalak aurreikusten du, halaber, gutxienez bost pertsona bizi diren 100 metro koadro baino gehiagoko etxebizitzak alokatzen dituztenei laguntzak eskatu ahal izatea. Kasu horretan, errenta ez da hilean 1.500 eurotik gorakoa izango.

Getxoko udalerrian erroldatzeko betebeharra errentamendu-kontratua formalizatu ondoren eskatuko da, erroldan antzinatasunik izan gabe.

Deialdi honetako berrikuntzen artean, onuradun izateko gehieneko diru-sarreren mugak handitu izana nabarmentzen da. A eta B motako bizikidetza-unitateek, ezkongabeak edo ezkontza-loturarik gabe edo izatezko bikote-loturarik gabe bizi diren hainbat pertsona barne, 27.125 euroko diru-sarreren muga izango dute. Ezkondutako edo izatezko bikote gisa inskribatutako C motako bizikidetza-unitateentzat, berriz, diru-sarreren muga 42.315 eurokoa izango da.

Interesdunek Getxoko Udalaren Administrazio Elektronikoaren Bulegoaren bidez izapidetu ditzakete eskabideak. Argibideo gehiago lortzeko eta beharrezko dokumentazioa eskuratzeko, berariazko esteka bat prestatu da udalaren webgunean ekainaren 30era arte.