Amorante bikainak

Estatu mailan egindako ikerketa batean, inkestatuek ohean dituzten trebetasunak oso ondo baloratzen dituzte. % 72 pozik azaltzen da bere bizitza sexualarekin

EasyToysek Estatu mailan egin duen Estudio Nacional sobre Sexo ikerketaren arabera, oro har, Estatuko biztanleak pozik azaltzen dira beren bizitza sexualarekin. Jasotako datuen baitan, inkestatuek ‘oso ongi’ batekin balioztatzen dute beren eta beren bikotekidearen oheko jarduera. Ikerketak Espainiako biztanleen sexu- eta masturbazio-ohituren inguruko datuak aztertu ditu.

Inkestatutakoen gehiengoa (% 72) pozik azaltzen da bere bizitza sexualarekin. Masturbazioari dagokionez, ohikoagoa da gizonen artean emakumeen artean baino:  gizonen % 54k dio astean behin baino gehiagotan masturbatzen dela; ehuneko hori % 26raino jaisten da emakumeen artean.

Maiztasunari dagokionez, inkestatuen % 55k dio astean sexu-harremanak dituela behin edo gehiagotan. Egunero behin edo gehiagotan harremanak dituztenen kopurua % 9raino jaisten da. Hortaz, Estatuko biztanleriaren % 63k sexu-harremanak ditu, gutxienez, astean behin. 

Txanponaren beste aldean sexu-harremanak maiztasun baxuagoarekin dituzten horiek daude: inkestatutakoen % 7k dio hilabeteak pasatzen dituela harremanik gabe eta % 9k ez duela inolako harremanik. 

Oheko jardunari dagokionez, batez beste, inkestatuek 7,3ko nota ematen diote beren buruari. Nota hori arinki altuagoa da emakumeen artean (7,39) gizonen artean baino (7,28). Bikotekidearen jarduna ebaluatzerakoan nota arinki altuagoa da (7,6). Bikotekideek nola baloratzen dituzten galdetuta, batez besteko nota 7,5 da.

Bizitza sexuala

Inkestatutakoen erdiak baino gehiagok (% 56) dio sexua oso garrantzitsua dela beren ongizaterako eta % 36k dio garrantzitsua dela. Biztanleen % 8k ez dio garrantzirik ematen sexuari.

Era berean, inkestatutakoen % 72k dio bizitza sexual osoa duela. Kasu horretan emakumeek gizonek baino gogobetetze-maila altuagoa adierazten dute: % 75 eta % 69, hurrenez hurren. 18 eta 35 urte bitarteko gazteek ere asebetetze-maila altuagoa dute (% 76). Adinean gora egin ahala ehuneko horrek behera egiten du eta 50-65 urte bitartekoen artean % 65eraino jaisten da.

Bikote kopuruari dagokionez, hiru biztanletik batek dio 2 eta 5 bikotekide artean izan dituela. Bikotekide bakarra izan dutenak % 22 dira eta 5-10 bikotekide izan dituztenak, berriz, % 19. Bestalde, inkestatutakoen % 4k onartzen du ez duela inoiz harreman seriorik izan eta % 1k dio 100 bikotekide baino gehiago izan dituela.

Lehentasunei dagokionez, % 85ek dio nahiago dituela sexu-saio luzeak eta % 64k sexu arina du gustuko. Gizonen kasuan nahiago dute harremanak izaren gainean eta argia piztuta izatea. Emakumeen kasuan, berriz, izaren azpian eta argia itzalita. Gizonek nahiago omen dituzte rol dominanteak, eta emakumeen iritzia, berriz, zatituta dago: % 55ek nahiago dute esanekoak izatea eta, eta % 45ek dominatzaile izatea.

Posizioei dagokionez, gehien aipatzen dena ‘lau hanketan’ da (% 32) eta jarraian ‘misiolaria’ eta ‘unaia’ (% 14). Lau hanketan posizioa da 18-34 urte arteko gazteek gehien aipatzen dutena eta inkestatutakoen % 83 prest azaltzen da posizio berriak praktikatzeko.

Masturbazioa gizonen kontua al da?

Masturbazioari dagokionez, inkestak jasotako datuen arabera, praktika hori askoz ohikoagoa da gizonen artean emakumeen artean baino. Inkestatutakoen % 27k dio astean behin baino gehiagotan masturbatzen dela. Baina gizonek eta emakumeek emandako erantzunetan alde handiak ikus daitezke. Horrela, gizonen erdiak baino gehiagok (% 54) astean behin baino gehiagotan masturbatzen dela dioen bitartean, emakumeen artean kopuru hori % 26raino jaisten da. Gainera, inoiz masturbatzen ez den emakumeen kopurua (% 23) gizonena baino hiru aldiz handiagoa da (% 7).

Adin-taldeei dagokionez, aldeak ere esanguratsuak dira. Adibidez, 18-35 urte bitartekoen % 84k dio astean gutxienez behin masturbatzen dela. Kopuru horiek nabarmen jaisten dira 35-49 urte bitartekoen artean (% 67) eta 50-65 urte bitartekoen artean (% 65).

Masturbatzeko arrazoien artean gehien aipatzen diren erantzunak honako hauek dira: sexu-asebetetzea (% 55), bakarrik denbora atsegin bat pasatzea (% 42) eta pilatutako estresa askatzea (% 29).