Añarbeko ur-kudeaketa eta ingurune naturala ezagutzeko bisitak

Cristina Enea Fundazioaren eskutik, bisitariek presaren funtzionamendua eta urtegiaren inguruneak ezagutu ahal izango dituzte.

Cristina Enea Fundazioak, Añarbeko Urak enpresaren laguntzarekin, Añarbeko urtegia eta bere ingurune naturala ezagutzeko bisita bat antolatuko du urriaren 13an. Jarduera euskaraz egingo da, eta Gipuzkoarako funtsezkoa den azpiegitura horretan uraren zikloaren fase ezberdinen kudeaketa erakustea du helburu.

Bisitan, parte-hartzaileek Añarbeko presan diren instalazioak eta bertan egiten diren lanak ezagutu ahal izango dituzte. Presa horrek Gipuzkoako biztanleen % 44 edateko urez hornitzen du. Aldi berean, klima-aldaketa dela eta, horrelako azpiegiturek dituzten erronkak eta arro hidrografikoa kontserbatzeko estrategiak aztertuko dira, ur-hornidurako sistemaren erresilientzia hobetzeko.

Ingurune naturala

Bisitaz gain, bertaratzen direnek urtegiko ingurune naturalaz gozatu ahal izango dute. Izan ere, Añarbeko ingurunea paisaia-balio handiko eremua da, non basoaren eta uraren arteko elkarrekintzak espazio paregabea sortzen duen. Gidariek hainbat kontzeptu azalduko dituzte, hala nola ibilgu ekologikoa eta haren funtzioa, urtegiaren funtzionamendua eta balizko uholdeak bezalako arrisku-egoeren aurrean hartzen diren erabakiak.

Jarduera urriaren 13an izango da eta pertsonako 5 euroko kostua izango du. Zenbateko hori Saretuz sareko establezimenduetan truka daitekeen bonu baten bidez itzuliko zaie bertaratzen direnei. Izen-ematea nahitaezkoa da eta Cristina Enea Fundazioak emandako estekaren bidez egin behar da.

Txangoa egiteko autobusa 10:00etan irtengo da Renferen Norteko geltokiaren aurreko markesinatik, eta buelta 14:00ak aldera espero da.