Donostiako Cristina Enea Fundazioak ‘The Wildlife Comedy’ erakusketa hartuko du martxoaren 13ra arte. Erakusketak animalien munduko alderdi barregarriena eta ezustekoena azaltzen du. Bertan, espezie ezberdinetako animaliak ikus daitezke egoera eta jarrera dibertigarrietan.
Erakusketa The Comedy Wildlife Photography Awards argazki lehiaketako 62 argazkik osatzen dute. Lehiaketa horretan animalien munduko argazki bitxienak saritzen dira.
Erakusketa ikustera bertaratzen direnek erakusketa osatzen duten zenbait argazki enkantean erosteko aukera izango dute. Bisitariei enkantean sal daitezkeen argazkiak jasotzen dituen liburuxka bat eskainiko zaie. Horren bidez, hala nahi izanez gero, bisitariek gustuko duten argazki horren truke zer kopuru ordaintzeko prest leudeken esateko aukera izango dute eta erakusketa amaitzean, argazki bakoitzeko kopuru handiena eskaini dutenek, kopuru horren truke eskuratu ahal izango dute aukeratu duten argazki hori.
Argazki-lehiaketa
Enkantean lortzen den dirua bi elkartetara bideratuko da: Gipuzkoako Animaliak eta Landareak Babesteko Elkartea eta Gunung Palung Orangutan Conservation Program Save Wild Orangutans elkartea.
Enkanteaz gain, erakusketa osatzen duten irudietako bat argazki lehiaketa baten bidez lortzeko aukera ere eskainiko da. Antolatzaileek maskotei pose, jarrera eta egoera barregarrietan ateratako edo natura-inguruneko eszena bitxiak jasotzen dituzten irudiak jaso nahi dituzte. Lehiaketa Instagram bidez burutuko da. Horretrako nahikoa da argazkiak sare social horretara igotzea Cristina Enea Fundazioa aipatuz (@cristina.enea)