Applen AA beranduago iritsiko da Europara

Applek garatutako IA sistema geroago merkaturatuko da Europan, EBko Merkatu Digitalen Legearen murrizketak direla eta

Worldwide Developers Conference urteroko konferentzian Applek ofizialki iragarri zuenez, konpainia prest da Apple Intelligence delakoa merkaturatzeko. Adimen pertsonaleko sistema berri horrek esperientzia pertsonalizatua eskainiko du, eredu sortzaileen potentzia erabiltzaile bakoitzaren testuinguru pertsonalarekin konbinatuz. Apple Intelligence hurrengo iOS 18, iPadOS 18 eta macOS Sequoia sistema eragileekin integratuko da.

Hala ere, Apple Intelligence ez da gailu-modelo guztietarako erabilgarri izango. Izan ere, M1 txipa edo ondorengo bertsioak dituzten iPhone 15 Pro, iPhone 15 Pro Max, iPad eta Mac erabiltzaileek bakarrik erabili ahal izango dute teknologia hau.

Europan, beranduago

Gainera, Europar Batasunean (EB) Apple Intelligence sistema beranduago merkaturatuko da monopolioaren aurkako legeen ondorioz. EBko Merkatu Digitalen Legeak gardentasun, datuetarako sarbide eta plataformen arteko elkarreragingarritasun maila handiagoa eskatzen die enpresei. Elkarreragingarritasuna, bereziki, gatazka bat da Appleren pribatutasun- eta segurtasun-politikarekin; izan ere, funtsezko funtzioak (testu-mezuak, deiak, ahots-mezuak eta irudien eta bideoen trukea) lehiakideen beste operadore eta gailu batzuekin bateragarriak izatea eskatzen du.

Merkatu Digitalen Legearen helburua da Apple, Amazon, Alphabet, Meta eta Microsoft bezalako enpresa teknologiko handiek zenbait teknologia edo funtsezko funtzio kontrolatzea saihestea. Araudi horrek beste konpainia batzuei ere eragiten die, hala nola TikTok enpresaren jabe den ByteDance konpainiari. Applek arau horiek hautsiz gero, urteko fakturazio orokorraren % 10erainoko isunei aurre egin beharko lieke.