Ikastetxeen inguruko eremuetan apustu-etxeak irekitzeak zuzenean eragiten dio gazteen eskola-errendimenduari, batez ere errentarik txikienak erregistratzen diren lekuetan. Horrek, aldi berean, hezkuntza-aukeren desberdintasuna areagotzen du. Hori da Florentziako Europar Unibertsitate Institutuko Mar Espadafor eta Sergi Martínez ikerlariek argitaratu berri duten azterlanaren ondorio nagusia.
Azterlanerako, Espadaforek eta Martinezek aztertu dute zer aldaketa eragin dituzten hainbat auzotako hezkuntza-komunitatean horrelako establezimenduak agertzeak. Ikerketan ikastetxeen eta apustu-etxeen artean 500 metro baino gutxiagoko tartea duten kasuak bakarrik aztertu dira. Errendimenduari dagokionez, 2014. eta 2017. urteen artean Madrilgo 270 zentro baino gehiagoko ikasleek Unibertsitaterako Sarbide Proban ateratako emaitzak aztertu dira. Horien artean eremu pobreenetako zein aberetsenetako zentroak ikertu dira, bai publikoak bai itunpekoak.
Kasu horietan, honako hauek hartzen ziren kontuan:
- apustu-lokalak inguruko eremuetan ireki aurretik ikastetxeek jakinarazitako kalifikazioak,
- establezimendu horiek ireki berri zireneko kalifikazioak,
- apustu-leku horiek gutxienez urtebete zeramatzateneko kalifikazioak.
Datuak argiak bezain latzak dira, ikerketa osotik ondorioztatzen baita eskola-errendimendua nabarmen jaisten dela, eta are gehiago errenta-mailaren arabera. Batez beste, ikerketaren arabera, ikasleen errendimendua 0,25 puntutan jaisten da (0 eta 10 puntu bitarteko eskala batean) ikastetxetik 500 metro baino gutxiagora apustu-etxe bat irekitzen denean. Kopuru hori handiagoa da errenta baxuagoa duten auzoetan eta 0,5 puntutaraino hel daiteke. Gainera, auzo horietan datuek nabarmen egiten dute okerrera urtebete pasatu ondoren: 0,7 puntuko beherakada erregistratu da.
Hezkuntza Ministerioaren ESTUDES inkestaren arabera, 2018. urtean 14 eta 18 urte bitarteko ikasleen % 14,6 online apustuetan aritu zen eta % 37,2k modu presentzialean egin zuen. Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) emandako datuen arabera, urtero, 350 milioi jokalarik eredu problematikoak azaltzen dituzte, eta jokoa gaur egungo adikziorik garrantzitsuenetako bat bihurtzen ari da.