Argia eta artea Gasteizko Umbra Light jaialdian

Otsailaren 9tik 11ra bitartean ospatuko den jaialdia estatuko eta nazioarteko erreferente bihurtu da argi-artearen eta argiztapen-jaialdien munduko eremu esperimental, teknologiko eta sozialean.

Gasteizen bizi den ukrainar errefuxiatu talde batek hasiera emango dio Gasteizko Umbra Light jaialdiaren hirugarren edizioari. ‘Enpatia’ lelopean garatuko den jaialdiak 23 ikuskizunez osatutako ibilbide ikusgarria aurkeztuko du, arabar hiriburuko plazak, lorategiak eta eraikinak artearekin argituz.

Aurtengo edizioa hiriko erdigune historikoan eta beste eremu esanguratsu batzuetan garatuko da eta ibilbide ezberdinetan banatuko da. Andre Mari Zuriaren plazatik abiatuz, jaialdia hego-mendebalderantz zabalduko da, Prado parkerantz; mendebalderantz, Europa Kongresu Jauregirantz eta, ekialderantz, Santa Barbara plazaraino.

Gainera, Vital Fundazioaren Erakusketa Zentroa edo Europa Kongresu Jauregia bezalako espazioak gehituko dira, eta beste barnealde batzuk berrartuko dira, hala nola, Santa Maria katedraleko kripta eta Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegia.

Ikuskizunak

Aurtengo edizioan ikusi ahal izango diren ikuskizunen artean San Miguel elizaren elizpean izango den ‘Kymatic izenekoa azpimarratu behar da. Bilboko Gheada estudioak sortua, Añanako Gatz Haraneko gatza erabiliko du hura eraikitzeko, eta zientzia zinetikoa esperimentatzeko aukera emango die bertaratutakoei (ikus soinu-uhinak ale fineko material batzuek sortutako eredu geometrikoetatik abiatuta), “tresna” interaktiboen bidez.

Beste lan aipagarri bat jendearekin elkarreragiten duen eta bere azalean “tximistak” sortzen dituen ‘Cloud’ izeneko bonbilla-hodeia da: batek. Ikuskizun hori Fray Francisco de Vitoria pasealekuan izango da.

Santa Barbara plazan Lucid Creates britainiarren ‘Exponential’ lana izango da ikusgai. Lan horrek konfinamenduan pertsona askok COVID-19agatik sentitu zuten nahasmen eta kaos sentimendua adierazten du.

Jaialdia ARGIA 3 Kultur Elkarteak antolatzen du Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. 2019ko otsailean eta 2021eko azaroan izan ziren bi edizioak nahiko izan dira estatuko eta nazioarteko erreferente bihurtzeko argi-artearen eta argiztapen-jaialdien munduko eremu esperimental, teknologiko eta sozialean.