Guggenheim Bilbao Museoak bertan egiten diren erakusketen inguruan euskaraz sortutako edukiak biltzen dituen Artitz izeneko dokumentazio-plataforma aurkeztu du. Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean garatutako plataforma da Artitz eta egungo zein iraganeko erakusketei dagokien materialekin elikatzen da. Etorkizunean izango diren erakusketen edukiak ere barneratuko ditu. Une honetan, 44 erakusketari dagozkien 1.305 dokumentu jasotzen ditu plataformak. Plataforma eskuragarri dago museoaren webgunean.
Plataforma diseinatzerakoan erabilera eta efizientzia izan dira ardatz nagusiak. Plataformaren aurkezpen-ekitaldian azaldu den moduan, plataforma bilatzen den hori esfortzu minimo batekin aurkitzeko diseinatuta dago. Informazioaren hierarkia eta haren diseinua optimizatu egin dira erabiltzaileak azkar sar daitezen webgunearen alderdirik garrantzitsuenetan, eta aukera izan dezaten horietan sakontzeko, behar edo nahi duten heinean.
Informazio-sistema software askeko tresnekin gauzatu da, eta nazioarteko gordailuekin estekatzea ahalbidetzen du. Gainera, plataforman diren edukiak Europeana (Europako liburutegi digitala) datu-eredura egokitzeko lanak egiten ari dira.
Artitz plataforma eratzeko erabakia pasa den urtean hartu zen. Behin eratuta, helburua bertan diren edukietan sakontzea da, bereziki, arte moderno eta garaikideari lotutako artista, mugimendu eta diziplinei buruzko edukiak gehituz.