Euskal gazteok atzerrira joateko joera omen dugu. Horixe da, hain zuzen ere, Gazteen Euskal Behatokiak ezagutzera eman dituen datuetatik atera daitekeen ondorioetako bat. Izan ere, aipatu datu horien arabera, gazteen % 31,6 atzerrian izan da bere burua trebatzen. Bidaiatzeko arrazoien artean, ondorengoak izango lirateke nagusienak: hizkuntzen ikaskuntza (% 22,6); eskolako edo unibertsitateko ikasle-trukeak (% 14,4); ikasketa-praktikak edo ikerketa (% 5,9) eta boluntario lanak (% 4,6). Datuak 2016. urtean 15 eta 29 urte bitarteko 1.500 gazteri egindako elkarrizketetatik lortu dira.
Gazteen Euskal Behatokiak eman dituen datuen arabera, emakume gazteek gizon gazteek baino bidaiatzeko joera handiagoa dute. Aipatu arrazoi horietatik guztiagatik bidaiatu duten emakumeen kopuruak gizonenak baino altuagoak dira.
Adinari dagokionez, aldiz, 25 urtetik beherako gazteek bidaiatzeko joera handiagoa dutela azpimarratu behar da, bereziki, hizkuntzak ikasteko eta hezkuntza arrazoiak direla eta. Lan kontuak aintzat hartzen badira, orduan 25 urtetik gorakoak dira gehiago bidaiatzeko joera azaltzen dutenak.
Oro har, ikasketa-maila altuagoa duten gazteak dira bidaiatzeko joera handiagoa azaltzen dutenak eta, Europan zehar bidaiatzea edo Europako herrialderen batean bizitzea merkea ez denez, euren burua goi-mailan edo maila ertain-altuan kokatzen duten dutenak dira gehien bidaiatzen dutenak.
Datu horietan oinarrituta, euskal gazteek Europan zehar bidaiatzeko joera dutela baiezta daiteke. Baina horrelako bidaia bat ondo prestatu beharra dago eta, helburu horrekin, Gazteen Euskal Behatokiak ‘Europa Helmuga Gida’ren edizio berri bat aurkeztu du, 2017. urteari dagokiona, hain zuzen ere. Gida aipatu arrazoi horietako batengatik Europara joan nahi duten gazteentzat diseinatuta dago. Aurtengoa, jada, ‘Europa Helmuga Gida’ren seigarren edizioa da eta horren prestaketan nazioarteko mugikortasunean aditu den Antonio Jesús Rodríguezek parte hartu du.
Gida bederatzi atal nagusitan banatuta dago: Nola bilatu lana Europar Batasunean (EURES atariari buruzko informazioa); Lana oporretan (uda sasoian gazteentzako lana eskaintzen dituzten sektoreak); Au-Pair (dokumentazioa, baliabideak, eskaintzak…); Hizkuntzak ikasi (ikastaroak, laguntzak, bekak…); Europar Batasunean ikasi (Europan diren trebakuntza-aukerak); Bekak eta praktikak (praktikak eskaintzen dituzten enpresen zerrenda); Erasmus+ programa (mundu-mailan parekorik ez duen mugikortasun-programaren inguruko argibideak); Boluntariotza, auzolandegiak eta gazteen arteko trukeak (Europako Boluntario Zerbitzuaren inguruko informazioa); eta, azkenik, bidaiak (baliabideak, aplikazioak, bidaiatzeko aukera merkeak, ostatuak…).
Aurtengo edizioak 424 erreferentzia berri ditu eta, horrela, guztira 2.674 esteka aurki daitezke. Edizio berrian aurki daitezkeen gai berrien artean, adibidez, honako hauek azpimarra daitezke: brexita, hizkuntzak ikasteko trukeak, zenbait arlotako lan-eskaintzak (energia berriztagarriak, farmazia, arkitektura edo diseinu industriala, esaterako), urte-sasoiko lan-aukerak (kirolarekin zerikusia dutenak, batez ere), boluntario-lanak egiteko aukerak eta hizkuntzak ikasteko tresna berriak.