Udako hilabeteak, jende gehienarentzat, oporren sinonimo dira. Batzuek barne-turismoa aukeratzen duten bitartean, beste batzuek urrutirago joatea nahiago dute. Bidaiatzeak kultura berriak ezagutzeko eta errutinatik ihes egiteko aukera ematen du. Hala ere, esperientzia hori korapilatu egin daiteke beharrezko neurriak hartzen ez badira. Jarraian, aholku batzuk ematen dira ezustekorik ez izateko eta atzerrira joatea seguruagoa eta lasaiagoa izan dadin.
Helmugaren inguruan informa zaitez
Bidaiatu aurretik, Estatuko Kanpo Arazoetako Ministerioak ematen dituen ‘Bidaiatzeko gomendioak’ kontsultatzea gomendatzen da, bisitatu nahi d(it)uzun herrialde(ar)en inguruko informazio iturri nagusia baita. Bertan, besteak beste, honako informazio eguneratu hau aurkituko duzu: sarbiderako betebeharrak, dokumentazioa, bisak, segurtasun-baldintzak, osasun-egoera, beharrezkoak diren txertoak, moneta eta intereseko telefono zenbakiak. Informazio hori guztia eskuratu ahal duzu ‘Viaja informado’ izeneko aplikazioan.
Pasaportea
Ziurtatu dokumentuak behar bezala eta indarrean daudela eta ez direla laster iraungitzen. Zure NANa, pasaportea, bisak eta, ziurrenik, nazioarteko gidabaimena beharko dituzu.
Viajes Azul Marino bidaia-agentziako Beatriz Martínezek “pasaporteak, bidaia hastean, gutxienez sei hilabeteko balioa izatea” gomendatzen du, herrialde batzuek hala eskatzen baitute. “Schengen eremuko Europako herrialdeetan pasaportea beharrezkoa ez bada ere, gomendagarria da beti NANa eta pasaportea eramatea, horietakoren bat galtzen bada ere”.
Bisak lortzeko dokumentazio gehigarria eskatu ohi da eta epeak herrialdearen arabera alda daitekeenez, izapideak ahalik eta lasterren hastea gomendatzen da. Adibidez, Estatu Batuetara bidaiatzeko espainiar pasaportea duten herritarrek ez dute bisarik behar, baina ESTA baimen elektronikoa osatu behar da. Zenbait kasutan, nahiz eta dokumentazio guztia behar bezala aurkeztu, atzerriko herrialde batean sartzea ez dago guztiz bermatuta.
Atzerrira bidaiatzen denean gomendagarria izaten da pasaportearen argazki bat ateratzea telefonoarekin eta kopia bat gordetzea hodeian. Modu horretan, pasaportea (eta telefonoa) galdu edo lapurtzen badizute, zure nortasunaren eta nazionalitatearen berri eman ahal izango diozu bertako poliziari.
Laguntza kontsularra
Bidaiatu aurretik, komenigarria da Kanpo Arazoetako Ministerioaren bidaiarien erregistroan izena ematea. Horrela, zauden herrialde horretan larrialdi bat gertatuz gero, hala nola hondamendi natural bat edo gatazka armatu bat, berehala aurkitu ahal izango zaituzte.
Bidaiatzen duzun herrialdean den Espainiako enbaxadaren edo kontsuletxearen helbidea eta telefono zenbakia ere jakin beharko zenituzke. Herrialde horretan Espainia ordezkatzen duen bulegorik ez bada, Europar Batasuneko edozein estatu-kideren enbaxada edo kontsuletxera jo ahal izango duzu.
Atzerrian atxilotzen bazaituzte, tokiko agintariak Espainiako kontsularekin harremanetan jar daitezen eskatzeko eskubidea duzu. Gainera, dokumentuak galdu edo lapurtuz gero, enbaxadak edo kontsuletxeak bidaia-agiri bat egin diezazukete, eta dokumentu horrek balio mugatua izango du etxera itzuli ahal izateko.
Txertoak
Martínezek azaltzen duenez, “zenbait helmuga turistikotan hemen jada desagerrarazita dauden gaixotasunak daude”. Bidaia-agenteak “Kanpo Arazoetako Ministerioan edo bidaia-gidetan, helmugako herrialdean gaixotasunak izateko arriskua eta gomendatutako txertoak” aldez aurretik ikertzea gomendatzen du. Zenbait herrialdetan, gainera, sarrerako bisa emateko, nazioarteko txertaketa-ziurtagiria behar da.
Kolera, sukar tifoidea, sukar horia, amorrua edo zika bezalako gaixotasunen aurkako txertoa hartu behar izanez gero, “egokiena lurralde bakoitzeko Osakidetzako edo Osasunbideko txertaketa-telefonoarekin harremanetan jartzea da, eta bertan adieraziko digute zer txerto hartu behar den bisitaren dataren, egin beharreko jardueren edo bidaiaren iraupenaren arabera”, dio Martinezek.Hego Euskal herriko lau hiriburuetan nazioarteko txertaketa-zentroak daude. Gomendagarria izaten da aldez aurreko hitzordua eskatzea bidaiatu baino 4-8 aste lehenago.
Dirua
Identitate-ordezpenak gero eta ugariagoak direnez, prebentzio-neurri gisa, zure bankuari edo kreditu-txartelaren jaulkitzaileari atzerrira bidaiatzeko asmoa duzula jakinaraztea gomendatzen da. Aldi berean, zure banketxeak atzerrian egiten diren banku-eragiketengatik kobratuko dizuten ala ez azalduko dizu. Horrela bada, bestelako formulak bilatu edo esku-diru nahikoarekin bidaiatu beharko duzu.
Dirua aldatu behar baduzu, informa zaitez eragiketa ahalik eta merkeen egiteko lekuen inguruan eta, nolanahi ere, ez aldatu dirua aireportuan izaten diren bulegoetan, tasa handiagoak aplikatu ohi dituztelako. Zenbait herrialdetan dirua han bertan aldatu beharko duzu eta aldatu duzun diru hori guztia gastatu beharko duzu bertatik atera baino lehen.
Bidaiatzeko aseguru medikoa
Gaixorik bazaude edo atzerrian kontrolatzeko zailtasunak eman ahal dizkizun gaixotasunen bat baduzu, ez bidaiatu. Edozein kasutan ere, informa zaitez helmuga den herrialde horretako osasun-sistemaren eta, hala behar izanez gero, nora jo behar duzunaren inguruan.
Europar Batasunaren barruan Europako Osasun Txartela eramatea gomendatzen du Beatriz Martínezek. Txartel horrek bermatzen du osasun-prestazioak jasotzeko eskubidea duzula zentro publikoetan, herrialdeko nazionalen baldintza berberetan, Europar Batasuneko edozein herrialdetan aldi baterako egonaldietan.
Hala ere, kontuan izan zenbait herrialdetan, adibidez, Frantzian, jasotako prestazio medikoetarako eta errezeta bidez erositako sendagaietarako ordainketa partekatuko sistema bat dagoela. Zenbait kasutan, ordaindu beharreko kopurua benetan altua izan daiteke eta, horregatik, gomendagarria izaten da bidaiatzeko aseguru mediko pribatu bat kontratatzea.
Herrialde askotan osasuna garestia da eta beste askotan, eskasa. Horregatik, Europar Batasunean ez den herrialderen batera bidaiatzen baduzu Martínezek gomendatzen du “bidaiatzeko aseguru mediko pribatu bat kontratatzea”. Estaldura zabala duen aseguru batek, bidaia salbatzeaz gain, zure ekonomiari ere mesede egin ahal dio. Osasun-aseguru bat izanez gero, aseguru horrek bidaiatzen duzun herrialde horretan balio ahal izango dizun eta zein intzidentzietarako balio ahal izango dizun galdetu beharko duzu.
Ezustekoak saihestea
Batzuetan ezustekoak gertatzen dira eta, horregatik, Beatriz Martínezek ere gomendagarritzat jo du bidaia-aseguru bat kontratatzea, “hainbat kontingentzia estaltzeko, hala nola ekipajea galtzea, hasi gabeko bidaia bertan behera uztea edo etetea eta osasun-estaldura egokia duena, aberriratzea, gastu medikoak edo senide baten ospitale-egonaldia bezalako gastuez arduratuko dena”.
Sendagaiekin bidaiatzea
Prestatu zure lehen laguntzako botikina. Eraman medikamentu guztiak zure eskuko ekipajean, jatorrizko ontzietan ageriko etiketekin, errezetarekin batera, eta ziurtatu bi izenak bat datozela. Era berean, eraman zurekin zure medikuaren izena eta harremanetarako datuak, zure egoera medikoari eta tratamenduari buruzko informazioa eta agindutako sendagaiei eta dosiei buruzko xehetasunak.
Baliteke guretzat ohikoak diren botikak eskuratzeko zailtasunak izatea atzerrian. Zenbait kasutan ez dugu arazorik izango, baina beste batzuetan askoz garestiagoak izango dira edo, zuzenean ez da horiek eskuratzeko aukerarik izango. Gainera, kontuan izan beharko duzu gurean guztiz legalak diren zenbait medikamentu atzerrian drogatzat har daitezkeela. Kasu honetan ere, gomendagarria da Ministerioaren informazioa kontsultatzea arazoak ekiditeko.
Roaming-a
Europar Batasunaren barruan roaming-a desagertu da, baina Europar Batasunetik at bidaiatzen baduzu zure telefono konpainiari galdetu beharko diozu tarifen eta aukeren inguruan. Batez ere, roaming tarifak egiaztatu beharko dituzu, eta jarraitu operadorearen jarraibideak hitzez hitz, faktura jasotzean ezusteko desatseginak saihesteko. Kontratatuta duzun planak ez baditu bere gain hartzen EBtik kanpoko bidaiak, aukera egokia izan daiteke helmuga den herrialdeko SIM txartel bat erostea. Zenbait kasutan aldez aurretik erosi ahalko duzu Internet bidez.
Entxuferik behar ez duen kargagailu eramangarri bat eramateak egoera zailetatik libra zaitzake. Era berean, komeni da helmugan entxufe-egokigailu bat beharko den ala ez egiaztatzea.
Ohiturak
Arazoak edo egoera desatseginak ekiditeko, helmuga den herrialdean dituzten ohituren inguruan informatu. Zenbait herrialdetan, adibidez, ezin izango diozu zure bikotekideari kalean musu bat eman edo ezin da kalean alkoholik edan edo dantza egin. Elizak, meskitak, tenpluak edo beste leku sakratu batzuk bisitatzera joanez gero, xal bat, bufanda bat edo pareo bat eramatea gomendatzen da sorbalda estaltzeko. Horrelako eraikinetan galtza motzak edo minigona erabiltzea ez dago baimenduta.
Eskupekoei dagokienez, herrialde askotan, profesionalek ez dute turistengandik ezer espero, haien soldatetatik bizi direlako, baina beste batzuetan, berriz, eskupekoa da langile horien ordainsari nagusia. Zuhurrena abiatu aurretik informatzea da.
Atzerrian gidatzea
Atzerrian kotxe bat alokatu nahi baduzu, egiaztatu aldez aurretik horretarako eskatuko dizkizuten baldintzak. Zenbait herrialdetan nazioarteko gidabaimena izatea eskatzen dute. Dokumentu hori Trafiko Zuzendaritza Nagusian eskatu beharko duzu eta, izapide azkarra bada ere, aurrez aurrekoa da eta hitzordua eskatu behar da. Bestalde, gogoratu munduko 70 herrialdetan ezkerretik gidatzen dutela, Erresuma Batuan bezala. Herrialde horren kolonia izandako herrialderen batera bidaiatzen baduzu, segur aski, ezkerretik gidatu beharko duzu.
Argazkia: shutterstock.com
Ardurarik gabe bidaiatu
Bidaiatzen dugunean ezustekoak gerta daitezke eta zehatz-mehatz planifikatutako bidaia hori uste baino errazago konplika daiteke. Horrelakoetan bidaiako laguntza-aseguru bat ezinbestekoa suertatzen da. Bidaiaren fase bakoitzean gerta daitezkeen ezustekoak askotarikoak izan daitezke eta egoera bakoitzerako estaldura ezberdinak daude.
Aseguruan aditua den Laboral Kutxako Chari Camposek adierazten duenez, “neurrira egindako bidaiako laguntza-asegurua diseinatzeko, lehenik eta behin, bidaiatzen ari den pertsona gehien kezkatzen duena zer den entzun behar da. Oro har, gastu medikoa eta/edo aberriratzea izaten da, eta ez da gutxiagorako izaten, bidaia-aseguru bateko intzidentzien % 57,7 osasun-arazoengatik izaten baitira. Aberriratzeari dagokionez, ez dira oso ohikoak izaten, intzidentzien % 1,8 inguru, baina garestiak dira”.
Camposen ustez, garrantzitsua da egin behar den bidaia mota aintzat hartzea, izan ere, “ez ditugu behar berberak aisialdian edo lanean bidaiatzen dugunean; bidaia laburretan edo egonaldi luzeetan, eta ez da berdina bidaia bat pertsona batentzat edo talde batentzat diseinatzea”.
Azkenik, intzidentziaren bat gertatzen denean aktibatzen diren salmenta osteko zerbitzuarekin zerikusia duten alderdi kualitatiboagoen garrantzia azpimarratzen du Camposek. “Prozesuan zehar zurekin joango den kudeatzaile espezialista bat izatea ere aseguruaren parte da, eta hori da aseguruen artean benetako aldea markatzen duena”.
Estaldurak
- Bidaia hasi aurretik. Hegaldiak eta hotelak aldez aurretik erreserbatzea praktika arrunta da, baina, batzuetan, justu bidaia baino lehen, bidaia bertan behera uztera behartzen gaituzten osasun arazoak edo ustekabeko familiarrak edo legalak gerta daitezke. Baliogabetze-estaldura batekin aseguru-etxeak gastuak itzuliko ditu, bidaia birprogramatzeko aukera emanez.
- Atzerapenak. Hegazkinaren edo trenaren atzerapen batek eskala bat galtzea ekar dezake. Estaldura egoki batekin kontratatutako garraiobidean izandako atzerapen batengatik eratorritako gastuak berreskuratzeko aukera izango dugu. Hegazkinez bidaiatu behar badugu, gomendagarria da overbooking kasuetarako estaldura bat ere izatea.
- Gaixotasuna edo istripua. Bidaiatzen dugunean gaixotzea edo istripu bat izatea nahi baino ohikoagoa da. Eta horrelakoak atzerrian gertatzen badira, bereziki Osasun Publikoarekin akordiorik ez duten herrialdeetan, laguntza medikoa izugarri garestia izan daiteke. Bidaiako laguntza-aseguru on batek gastu medikoak, ospitaleratzea, anbulantziako lekualdaketak eta, beharrezkoa bada, aberriratzea estaltzen ditu. Gainera, ospitaleratzeagatik ezin izan badugu aurreikusitako datan bueltatu, aseguruak egonaldia luzatzeagatik eta familiako kide baten egonalditik eratorritako gastuak ordainduko ditu.
- Ekipajearen galera. Helmugara iristean ekipajea galtzeak edozein bidaia zapuztu dezake. Zaila da bidaiaz gozatzea arroparik gabe, garbitasunerako gairik gabe edo botikarik gabe geratu bagara. Bidaiako laguntza-aseguru batek ekipajearen galera edo lapurreta estaltzen du, eta bidaiariari bere gauzen eta behar-beharrezko gaien balioa ordaintzen dio.
- Erantzukizun zibila. Atzerrira bidaiatu baduzu, erantzukizun zibilaren aseguruak hirugarrenei nahi gabe eragindako kalteak ordainduko ditu. Estaldura horri esker, ezbehar horrengatik eratorritako gastuak berreskuratuko dituzu: kalte-ordaina, baina baita kostu judizialak eta fidantza ere, halakorik balego, eta horrekin lotutako beste gastu batzuk, hala nola abokatuaren ordainsariak, tasak edo errekurtsoak jartzea.
- Larrialdia etxean. Bidaiatzen dugunean, gerta liteke etxean larrialdiren bat izatea: matxura larriak, premiazko laneko arazoak, familia arazo larriak… eta bidaia bertan behera utzi eta etxera bueltatu behar dugu uste baino lehen. Bidaiako laguntza-aseguruek horrelako egoeretarako estaldurak izan ohi dituzte, berehalako itzulera ahalbidetuz eta erabili gabeko erreserbak konpentsatuz.
- Abentura-kirolak. Atzerrira bidaiatzen baduzu eta bertan zaudela abentura-kirolaren bat egiteko asmoa baduzu, ezinbestekoa izaten da berariazko aseguru bat kontratatzea. Izan ere, normalean, aseguru generikoek ez dituzte horrelako arriskuak estaltzen. Aseguru espezializatu horiek estaldura eskaintzen dute egingo diren jardueretarako, eta bidaiaria uneoro babestuta dagoela bermatzen dute.
Gainera, kontuan izan behar da hainbat herrialdetan sartzeko ezinbestekoa dela osasun-estaldurak dituen bidaiako laguntza-aseguru bat izatea. Hortaz, bidaiatzen dugunean horrelako aseguru bat izatea gomendagarria den arren, zenbait kasutan, derrigorrezkoa ere izango da.
Saihestu beharreko herrialdeak
Estatuko Kanpo Arazoetarako Ministerioak aldizka eguneratzen du ‘saihestu beharreko’ herrialdeen zerrenda bat eta horietara ez joatea ‘biziki’ gomendatzen du ‘behar-beharrezkoa’ ez bada. Zerrenda horretan diren herrialde gehienek gatazka armatuak eta krisi humanitarioak bizi dituzte. Era berean, ez da gomendatzen osasunerako sarbidea mugatua duten herrialdeetara bidaiatzea, ezta klima-aldaketarekin lotutako alerta meteorologikoak dituzten herrialdeetara ere.
Ministerioaren webgunean den ‘Bidaiatzeko gomendioak’ atalean segurutzat hartzen ez diren eskualdeetara bidaiatu nahi duten horientzako gomendio espezifikoak zehazten dira. Gomendio horiek, berez, debeku formala ez diren arren, leku horietara bidaiatu nahi dutenei beren erantzukizunpean bidaiatuko dutela ohartzen zaie.
Saihestu beharreko herrialdeak
Ministerioak saihestu beharreko herrialdeen zerrendan aurkitzen diren herrialdeak honako hauek dira: Siria, Irak, Yemen (Sokotra uhartea barne), Afganistan, Niger, Mali, Nigeria eta Kongoko Errepublika Demokratikoa.
Era berean, beste herrialde batzuetara bidaiatzea ere ez da gomendatzen, gatazka belikoak, ezegonkortasun politikoa, segurtasunik eza edo beste inguruabar batzuk direla eta. Kasu horretan aurkitzen dira, adibidez, Ukraina eta Errusia; Israel eta Palestina; Iran, Libano, Hego Sudan, Somalia, Afrikako Sahel eskualdea eta Afrika Erdiko Errepublika.
Ministerioak, ezinbestekoa ez den Txaderako edozein bidaia “atzeratzea”, Libiara ez joatea eta Etiopiako, Mozambikeko eta Ekuadorko eta Kolonbiako “leku jakin batzuetan arretaz bidaiatzea edo horietara ez joatea” gomendatzen du. Halaber, ez da gomendatzen Egipto, Pakistan edo Papua Ginea Berrira bidaiatzea.
Zenbait herrialdetan osasunerako sarbidea oso mugatua da eta horietan gaixotuz gero arreta jasotzeko zailtasun handiak izan daitezke. Zerrenda horretan aurkitzen dira, adibidez, Ipar Korea, Haiti, Niger, Burkina Faso, Afrika Erdiko Errepublika, Ginea, Ginea Bissau, Sierra Leona, Liberia, Nigeria, Mauritania, Mali, Sudan , Hego Sudan, Eritrea, Burundi, Somalia, Txad, Libia, Irak, Afganistan, Yemen eta Palestina.
Txanponaren beste aldean, bidaiatzeko herrialderik seguruenak honako hauek lirateke: Islandia, Luxenburgo, Norvegia, Suitza eta Danimarka.