Euskal erakundeen kanpaina bateratua azaroaren 25ean

Euskal erakundeek kanpaina bateratua egingo dute azaroaren 25ean ospatzen den emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunean

Azaroaren 25ean emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko eguna ospatzen da eta euskal erakundeek aurreratu dutenez, kanpaina bateratua egingo da Euskadi osoan. Emakundek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta EUDELek elkarrekin garatuko duten kanpainaren leloa ‘Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da. Batu gaitezen geldiarazteko’ izango da eta indarkeria matxista hutsaltzen duten diskurtsoen aurrean herritarrei dei egiten die indarkeria matxistarekin amaitzeko.

Kanpaina

Kanpainaren iragarkiak berak indarkeria hau hutsaltzen dutenek erabili ohi dituzten zenbait esaldi jasotzen ditu: ‘Emakumeen aurkako indarkeria asmakizun bat da’, ‘Indarkeriak ez du generorik’ edo ‘Beste herrialde batzuetan matxismoa dago, ez hemen’. Horiei aurre egiteko, pasa den urtean indarkeria mota horrengatik jarritako salaketen kopurua azaltzen du iragarkiak: 6.513.

Kanpaina azaroaren 25era bitartean garatuko da telebistan, irratian, idatzizko hedabideetan, sare sozialetan eta beste zenbait publizitate-euskarrietan.

Kanpaina aurkezteko Imanol Pradales lehendakaria gazte talde batekin bildu da eta gai honen inguruan hitz egin du beraiekin. Lehendakariak azaldu duenez, “indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat eraikitzea lehentasuna da Eusko Jaurlaritzarentzat“, eta “erne egon behar da ultraeskuinak Europan eta munduan aurrera egin duelako eta indarkeria matxista ukatzen duten diskurtsoak eta berdintasunaren aurkako erreakzioa sortzen ari direlako”.

Gazteekin egindako dinamika horretan, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasle eta ingurune digitaleko indarkerian aditu Elisa García Mingok ere parte hartu dute.