Azken hamarmadan hiru krisi kateatu dira. Atzeraldi Handiak, COVID-19aren pandemiak eta Ukrainako gerraren ondoriozko prezioen eta inflazioaren igoerak proban jarri dute gure gizartea. Aipatu hiru kirisiek pobrezia eta ziurgabetasuna eragin dute eta horiekin batera, desparekotasuna areagotu da. Eta, ohi bezala, gazteria izan da momentu txarretan gehien kaltetutako kolektiboetako bat eta susperraldiaz gutxien gozatu dutenetakoa.
Eta, ohi bezala, gazteria izan da momentu txarretan gehien kaltetutako kolektiboetako bat eta susperraldiaz gutxien gozatu dutenetakoa.
Lan-merkatu disfuntzional bat eta belaunaldi gazteenak ahaztu dituen gizarte-babeseko sistema dira 2021ean 16 eta 29 urte bitarteko hiru pertsonatik bat pobrezia edo gizarte-bazterketa jasateko arriskuan egoteko arrazoi nagusietako bi. Hori da, hain zuzen ere, Espainiako Gazte Kontseiluak (CJE) eta Oxfam Intermón GKEak elkarlanean egin duten ‘La maldición de la eterna juventud’ txostenean jasotzen den ondorioetako bat. Txostenean pasa den urtean gazteek Estatuan zuten egoera sozioekonomikoa aztertzen da.
Gazteek lan-merkatuan sartzen direan izan ohi dituzten soldata baxuei oso denbora tarte laburrean pairatu behar izan ditugun hiru krisi gehitu zaizkie. Testuinguru horretan, gaur egun gazteek duten ondare urria txikitu egin da. Hobetzetik urrun, egoerak okerrera egin du Estatuak pairatzen duen inflazio-egoeraren ondorioz. Horrela, gero eta gehiago murriztu da gazteek erosteko duten ahalmena.
Beste belaunaldiak baino okerrago
Txostenean jasotzen denez, krisi bakoitzaren ostean gazteak beti beste belaunaldiak baino maila bat beherago aurkitzen dira, euren bizitzaren etapa bakoitzari dagozkien proiektuei aurre egiteko ahalmenik gabe. Egoera hori, gainera, 30 urte bete baino duten horiei ere eragiten die.
Gaur egun gazteek duten ondare urria txikitu egin da eta, hobetzetik urrun, egoerak okerrera egin du Estatuak pairatzen duen inflazio-egoeraren ondorioz. Horrela, gero eta gehiago murriztu da gazteek erosteko duten ahalmena.
Azken 60 urteetan hazkunde ekonomikoak zein gazte belaunaldi lagundu edo kaltetu dituen gehien argitzen saiatzen da txostena. Eta bertan ondorioztatzen denez, 2000. urteko hamarkadan jaiotako gazteak (Z Belaunaldia) eta pasa den mendeko 90eko hamarkadan jaiotako gazteak (millenials) dira gaztaroan hazkunde ekonomiko txikiena izan duten belaunaldiak.
Gaur egun gaztea izateak prekarietatea, ezegonkortasuna eta ziurgabetasuna ezaugarri dituen errealitate bati aurre egin behar izatea esan nahi du.
Adibidez, Z Belaunaldiko gazteak, 20 urterekin, bizi izan duten hazkunde ekonomikoa adin berarekin pasa den mendeko 60ko hamarkadan jaiotako gazteek izan zuten hazkundea baino % 40 txikiagoa da. Bitartean, 90eko hamarkadan jaiotakoek, 30 urterekin, izan duten hazkunde ekonomikoa aipatu belaunaldiak adin horrekin izan zuena baino % 50 txikiagoa izan da.
Gaur egun gaztea izateak prekarietatea, ezegonkortasuna eta ziurgabetasuna ezaugarri dituen errealitate bati aurre egin behar izatea esan nahi du. CJEko presidente Andrea González Henryk azaltzen duenez, “gazteak, batzuetan beren prekarietate-egoeraren erruduntzat jotzen direnak edo haien zaurgarritasuna normalizatzen zaienak, azken 60 urteetako aurreikuspen ekonomiko txarrenekin hazi dira”.
Erosteko ahalmenaren galera
Azken urtean izan den inflazioaren igoerak egoera nabarmen okertu badu ere, azpimarratu behar da gazteen soldatak eta errenta Atzeraldi Handiko garaitik (2008) berean mantendu direla. Eta 2021aren amaieratik Espainiak izan duen prezioen zurrunbiloak 2006tik hona gazteengan sortutako erosteko ahalmenaren galera larriagotu besterik ez du egiten.
Izan ere, azken 15 urteetan KPIa % 35 hazi bada ere, 25 eta 34 urte bitarteko enplegatuen soldata nominala % 25 baino ez da hazi eta 25 urtetik beherakoena, % 15. 35 urtetik gorakoen kasuan, berriz, KPIaren igoeratik gertu mantendu da eta, hainbat kasutan, gainetik. Hortaz, txostenak azpimarratzen duenez, 2006. urtean gazte batek zuen erosteko ahalmenera iristeko gazte baten soldata % 12an igo beharko litzateke.
2008. urteaz geroztik, biztanleria orokorraren soldataren igoera, batez beste, 24-35 urte bitarteko gazteenaren bikotza izan da eta 24 urtetik beherakoena baino zortzi aldiz handiagoa. Horrela, biztanleria orokorren kasuan azken 12 urteetan 264,27 eurokoa izan den bitartean (% 12), 24 -35 urte bitarteko gazteentzat 103,19 eurokoa baino ez da izan (% 6). 24 urtetik beherakoen kasuan, berriz, igoera 33,58 eurora mugatu da (% 3). Horrela, 25 urtetik beherakoen soldata, batez beste, 1.207 eurokoa da, 2008-10 aldian zenaren antzekoa.
Gainera, gazteen artean soldata-arrakala ere ematen da. 2010 eta 2019 artean, gizon gazteen batez besteko soldata emakume gazteena baino % 17 altuagoa zen. Txostenaren egileen arabera, datu horrek agerian uzten du genero-arrakala ez dela soilik kristalezko sabaiaren kontu bat, baizik eta zoru itsaskor bat ere sartzen dela jokoan, eragin sozioekonomikoak txiki-txikitatik ikusten baitira.
Belaunaldi-arrakala handitzen ari da
Gazteen pertsonako batez besteko errenta ia aldaketarik gabe mantendu da 2009. urteaz geroztik. Urte horretan aipatu errenta 10.797 eurokoa zen eta 2021. urtean, berriz, 10.903 eurokoa, hots, 106 euro gehiago hamar urtetan. Gainera, kopuru hori biztanleria osoaren batez besteko errentatik urrun geratzen da (12.269 euro) eta belaunaldi-arrakala handitzen doa.
2008. urtean batez besteko errenta osoaren eta 16-29 urte bitarteko gazteen errentaren arteko aldea 416 eurokoa zen. Une honetan, berriz, alde hori 1.366 eurokoa da. Hau da, 13 urtetan biztanleria osoaren eta gazteen arteko aldea hirukoiztu egin da. Txostenak zehazten duenez, prezioen gorakada eman aurretik jada gazteek erosteko ahalmena galdu zuten. Inflazioaren krisiak gazteen egoera larriagotu besterik ez du egin.
Gainera, gazteak dira krisietatik okerren errekuperatzen direnak. Z Belaunaldia koltxoi ekonomikorik ez duen belaunaldia da; eta metatutako aberastasuna aurreko belaunaldiena baino nabarmen txikiagoa da. 35 urtetik beherakoen ondare garbia % 50 murriztu da azken 15 urteetan; beste belaunaldiena baino 10 puntu gehiago. Adin-tarte guztietan eman den ondare-beherakadarik handiena da. 2008. eta 2020. urteak alderatuta, gazteen aberastasun garbiak -% 56ko aldakuntza izan du. Epe berean biztanleria osoaren aberastasun garbian izan den aldakuntza % 16koa izan da.
Testuinguru horretan, ez da harritzekoa 16-29 urte bitarteko lau gaztetik bat pobrezia edo gizarte-bazterketa arriskuan egotea. Biztanleria orokorraren % 21,7 pobrezian bizi den bitartean, gazteen artean ehuneko hori ia hiru puntu altuagoa da.
Horren aurrean, normala da emantzipaziorako adina gero eta gehiago atzeratzea. Une honetan estatuko gazteak, batez beste, ia 30 urterekin emantzipatzen dira, Europako beste hainbat herrialdetan baino hiru urte beranduago (29,8 urte eta 26,5, hurrenez hurren).
CJEk azken uda honetan ezagutzera eman zuen beste txosten baten arabera, gazte batek bere soldata 3,8 aldiz biderkatu beharko luke 170.000 euroko hipoteka bat eskatu ahal izateko. Horrela, biztanleriaren % 80k etxebizitza jabegoan eskuratzen duen bitartean, 30 urtetik beharako gazteen artean kopuru hori % 30ekoa da.
Langabezia, prekarietate eta behin-behinekotasun gutxiago
Azterlanak agerian uzten duenez, BPGean ematen diren jaitsierekin batera enpleguaren jaitsierak ere ematen dira, bereziki, lan prekarioak betetzen dituzten horien artean. Zoritxarrez, sektore horietan gazteak izaten dira nagusi.
Covid-19aren krisian, oro har, Enpleguaren Aldi Baterako Erregulazio Espedienteak (EABEE) bezalako neurriei esker enplegu-suntsiketa txikiagoa izan den arren, gazteak izan dira enplegu-galerak gehien eragin dien taldeetako bat. Horrela, 35 urtetik beharako langileak langileria osoaren laurden bat inguru izan arren, suntsitutako hamar enplegutatik sei adin-tarte horretako langileenak izan ziren.
Azken hilabeteetan enpleguak gora egin duen arren, 2022an 20-24 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa estatuko batez bestekoaren bikoitza zen: % 24,1 eta % 12,48, hurrenez hurren. 16-19 urte bitarteko gazteen kasuan datua are kezkagarriagoa da: % 48,67. Horrela, Espainia da, Europar Batasunaren barruan, gazteen langabezia-tasarik altuenetako bat duen estatua.
Behin-behinekotasuna da Atzeraldi Handiak langile guztiengan eta, bereziki, gazteenengan utzi duen beste ondorioetako bat. Lan-araudi berria indarrean sartu arte, gazteen (16-29 urte) behin-behinekotasun-tasa % 50etik gorakoa zen. 16 eta 24 urte bitartekoen artean, gainera, % 60tik gorakoa zen, Estatuko batez bestekoaren bikoitza baino gehiago. Araudi berriari esker behin-behineko kontratazioen kopuruak behera egin du eta horri esker, behin-behinekotasun tasa % 42,2ra jaitsi zen 2020ko hirugarren hiruhilekoan.
Bestalde, gazteen artean askoz ohikoagoak dira enplegu partzialak eta soilik 30 urtetik aurrera gerturatzen hasten dira biztanleria osoaren kopuruetara. Enplegu-modalitate horrek Europar Batasuneko batez bestekoak baino tasa nabarmen handiagoak ditu Espainian. Horrek, noski, zuzeneko eragina du gazteen soldata-mailan eta, ondorioz, egungo belaunaldi gazteak beste langileak baino askoz soldata baxuagoak ditu.
Gero eta beranduago
Txostenak salatzen duenez, atzerapen handia gertatzen ari da gazteek tradizioz helduaroari lotutako esperientzietara iristeko zuten adinean, hala nola, egoitza-independentzia lortzeko beharrezko baliabideak emango ditzakeen lan egonkor bat lortzea; nahi izanez gero, seme-alabak izatea; edo negozio propio bati ekitea.
Txostena landu duten bi erakundeek ohartarazten dutenez, “oraina mugatua izanik, etorkizunean, gaur egungo gazteak sostengu ahula izango dira gure gizartearentzat”. Horregatik funtsezkotzat jotzen dute gazteria arloan prekarietate kronikoari erantzuna emango dioten politika publiko berritzaile eta anbiziotsuak garatzea. Aipatzen diren neurrien artean honako hauek lirateke garrantzitsuenak: Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera hobetzea, etxebizitzarako sarbidea errazteko neurriak, gazteei aukera hobeak eskainiko dizkion lan-merkatu bat garatzea, eta politika fiskal ‘zuzen’ bat.