Otsailaren amaieran BMJ aldizkari medikoak argitaratu duenez, ultraprozesatutako produktuen kontsumo handiek zuzeneko harremana dute diabetesa edo buruko gaixotasunak bezalako gaixotasunekin eta heriotza goiztiarrarekin. Ikerketa horietan 10 milioi pertsona baino gehiagoren kontsumo-ohiturak aztertu dira eta gai honen inguruan inoiz egin den azterketarik handiena da.
Egileen ustez, “froga sinesgarriak” daude esateko janari ultraprozesatu gehiago hartzea lotuta dagoela gaixotasun kardiobaskularraren ondorioz hiltzeko arriskua % 50 handitzearekin, antsietatea eta buruko beste nahasmendu batzuk izateko arriskua % 50 inguru handitzearekin eta 2. motako diabetesa izateko arriskua % 12 gehitzearekin.
Era berean, ikusi zuten edozein arrazoirengatik hiltzeko arriskua % 21 handitu zela, obesitatea edo lo-arazoak izateko arriskua % 50 inguru handitu zela eta depresioa izateko arriskua % 22 handiagoa zela.
Australiako Deakin Unibertsitateko Melissa Lanek eta Wolfgang Max-ek gidatutako azterlanaren arabera, lortutako emaitzek nahikoa arrazoi ematen dute, herritarren osasuna hobetu nahi bada, elikagai ultraprozesatuen kontsumoa murriztea helburu duten osasun publikoko politikak ezartzeko. Horretarako, besteak beste, jada tabako-paketeetan egiten den moduan, elikagai horien etiketetan oharrak jartzea proposatzen dute. Era berean, elikagai horien publizitatea mugatzea eta eskoletan eta ospitaletan, edo horietatik gertu, horrelako elikagaiak saltzea debekatzea eskatzen dute. Neurri horiez gain, egileek elikagai ultraprozesatuei neurri fiskalak ezartzea eskatzen dute prozesatuta ez dauden elikagaiak eta prestatu berriak diren elikagaiak eskuragarriagoak eta merkeagoak izan daitezen.
Elikagai ultraprozesatuak
Elikagai ultraprozesatuak beste elikagai batzuetatik eratorritako substantzietan oinarrituta egindako industria-elikagaiak dira. Elikagai horiek hainbat osagai izan ohi dituzte eta osagai horiek aurretiazko prozesamendua izan ohi dute, hala nola olioen hidrogenazioa edo frijitzea, proteinen hidrolisia edo irinen edo zerealen fintzea eta estrusioa.
Elikagai horien etiketatzean maiz irakurri ahal da lehengai finduak (irina, azukrea, landare-olioak, gatza, proteina…) eta gehigarriak (kontserbatzaileak, koloratzaileak, edulkoratzaileak, zaporearen indartzaileak, emultsionatzaileak…) dituztela. Normalean, elikagai horiek azukre, koipe eta gatz asko, eta bitamina, proteina eta zuntz gutxi izan ohi dituzte.
Supermerkatuetan saltzen diren elikagaien ehuneko handi bat elikagai ultraprozesatuak dira: edari azukredunak, aurrez prestatutako jakiak, opilak, haragi prozesatuak, galletak, esneki azukredunak, postreak, gozokiak, zereal finduak, pizzak, nugget-ak, barra energetikoak edo dietetikoak…
Elikagai ultraprozesatuek arrakasta handia izaten dute kontsumitzaileen artean, besteak beste, haien kontsumoa sustatzeko prestatuta daudelako. Horretarako, ekoizleek jateko gogoa estimulatzen duten osagai organoleptikoak erabili ohi dituzte.