Balea konkordunen estres-maila nabarmen jaitsi zen covid-19aren pandemian, gizakiok ozeanoetan egiten dugun jardueraren murrizketarekin bat eginez. Horixe da, hain zuzen ere, Australiako Queensland unibertsitatean egindako eta Marine Environmental Research aldizkarian argitaratu berri den ikerlan baten ondorio nagusia. Pandemiaren eraginez ezarritako konfinamendu neurrien eraginez baleak elikatu ohi diren uretako kutsatzaileen maila murriztu zen, eta, horren ondorioz, haien ongizatea hobetu egin zen.
Ikerketa zuzendu duen Jake Linskyk azaldu duenez, 2020koekin alderatuta, 2021ean aztertutako baleetan azterketa genetikoek adierazten dute nabarmen murriztu direla estresaren hormona den kortisolaren kontzentrazioak.
Ikerketa-taldeak droneak erabili zituen balea konkordunen tamaina eta gorputz-egoera neurtzeko Australiako ekialdeko kostan zehar migratzen zuten bitartean eta Minjerribaheko uretan (North Stradbroke uhartea) egin ohi duten hazkuntzan.
Bildu dituzten datuen arabera, gizakion jardueraren murrizketaz aparte, badira baleen osasunean eragin positiboa izan duten bestelako aldagaiak ere. Horien artean, adibidez, klima-aldaketaren ondorioz sortu den La Niña fenomenoa aipatzen da. Aipatu fenomenoak zuzeneko harremana du Estatu Batuetako hegoaldean diren lehorteekin eta Pazifikoaren ipar-mendebaldean eta Kanadan izan ohi diren eurite eta uholdeekin.
Ikerlariek egiaztatu ahal izan dutenez, balea konkordunek ingurunean diren aldaketetara egokitzeko gaitasun handia dute. Horregatik, gizakiok itsasoan dugun inpaktua murriztearen garrantzia azpimarratzen dute. Era berean, emaitzek erakusten dute migrazio-baleek Antartikako itsas ekosistemen osasunaren adierazle gisa duten zeregina.
Balea konkorduna 40 tona inguruko pisura eta 20 metroko luzerara hel daitekeen zetazeoa da. Bere gorputza oso bitxia da eta izenak dioen bezala konkor antzeko bat du. Gaur egun, Australian 70.000 balea konkordun inguru daude.