Balea urdinek 10 milioi partikula mikro-plastiko kontsumitzen dituzte egunero, zere komunek 3 eta 10 milioi artean, eta balea konkordunek 4 milioi inguru krilla jaten dutenean. Horiek dira Kaliforniako ikerketa-talde batek azaroaren hasieran Nature Communications aldizkarian argitaratutako ikerketa baten ondorioetako batzuk.
Baleek beste edozein organismok baino plastiko gehiago kontsumi dezakete, baina hori oso arriskutsua da haien osasunarentzat. Mikro-plastikoak 0,001 eta 5 mm bitarteko zatiak edo 0,8 eta 0,9 mm bitarteko luzera duten mikro-zuntzak dira. Fabrikatzeko erabiltzen den materialaren arabera horren pisua alda daiteke.
Krilla eta harrapakinak
Material antropiko horren eguneroko ahorakina eta baleen elikadura-patroiak kalkulatzeko, ikerketa-taldeak Kaliforniako korrontean diren mikro-plastikoen datuak eta azken hamarkadan jarraipenerako gailuekin markatutako 191 balea bizardunen elikagai-bilaketaren portaerari buruzko informazioa bateratu ditu.
Ikerketa-taldeak lortu dituen datuen arabera, balea bizardunek, nagusiki, 50 eta 250 metro bitarteko sakoneran elikatzen dira. Sakonera horiek ozeano irekian aurkitzen dira eta bertan metatzen dira mikro-plastiko gehienak. Bitxia bada ere, ikertzaileek egiaztatu ahal izan dute baleek mikro-plastikoak irensten dituztela, batez ere jaten dituzten harrapakinen bidez, eta ez irensten dituzten ur kantitate itzelen bidez.
Balea urdinak, batez ere, krillez elikatzen dira eta, batez beste, egunero, 10 milioi mikro-plastiko partikula irensten dituzte. Krillez eta arrainez elikatzen den zere komunaren kasuan, 3 eta 10 milioi partikula artean irensten dituzte. Eta balea konkordunetan ere harrapakinen mende dago: 4 milioi, krillez elikatzen badira, eta 200.000 mikro-plastiko ‘bakarrik’ arrainak jaten dituztenean.
Litekeena da hondakin plastiko horien kontsumo-tasak are handiagoak izatea eskualde kutsatuagoetan elikatzen diren baleetan, hala nola Mediterraneo itsasoan.