Antzerkia, umorea, dantza eta musika osatuko dute Basauriko Social Antzokiak udaberri honatarako prestatu duen programazioa. Imanol Arias, Naroa Intxausti sopranoa, Pablo Ibarburu komikoa, Yllana konpainia edo Malandain Ballet Biarritz dira bertan izango diren izen esanguratsuenak.
Antzerkia
Apirilaren 29an, La Dramática Errante konpainiak ‘Altsasu’ antzezlanaren euskarazko bertsioa taularatuko du. María Goiricelayak zuzentzen du 2016ko urrian Altsasuko hainbat gazte eta bi guardia zibil nahasi zituen gertakariaren antzerki-berreraikuntza. Momotxorro inauterietako ikonoaren iruditik abiatuta, Goiricelaya justizia eszenaren erdian jartzen saiatzen da.
Apirilaren 30ean, Imanol Arias buru duen aktore zerrenda luze batek Arthur Miller-en ‘Saltzaile baten heriotza’ lana antzeztuko du.
Maiatzaren 13an, Tartean konpainiak, Mikel Martínez eta Sandra Fernéndez Aguirre protagonista dituelarik, Patxo Telleriaren “Alderray” lana taularatuko du.
Dantza
Maiatzaren 28an Malandain Ballet Biarritz konpainia entzutetsuak bi koreografia aurkeztuko ditu: “Mozart À Deux”, Wolfgang Amadeus Mozarten musikarekin eta Thierry Malandainen koreografiarekin; eta, “Sirènes”, Antonio Vivaldiren musikarekin eta Martin Harriagueren koreografiarekin.
Umorea
Apirilaren 2an umorearen txanda izango da Pablo Ibarburu komikoaren eskutik. La Resistencia eta El Intermedio bezalako telebista saioetan aritzen den komikoak “La Hora De Pablo Ibarburu” lana aurkeztuko du, non bakarka estreinatuko den, ‘stand-up comedy’ show batekin. Ez dira faltako haren imitazio gaiztoak, pasadizo dibertigarriak eta emozio nahasien etengabeko azterketa.
Umorearekin jarraituz, maiatzaren 14an Yllanak umore ikuskizun bat aukeztuko du The Primital Bros taldearekin elkarlanean. “The Primitals” izeneko ikuskizuna komedia musikal dibertigarria da.
Azkenik, eta Social Antzokiaren XXIX. urteurrena ospatzeko, Naroa Intxausti sopranoak, Marifé Nogales mezzosopranoak eta Germán Ormazabal piano-jotzaileak Pablo Sorozabalen omenezko kontzertua eskainiko dute bere jaiotzaren 150. urteurrenean.