Bazter Fest jaialdiaren X. edizioa

Annekdotas, Syla, Eskarnia eta Carmen Xía artistak eta Unity eta Basatitiak taldeak Bilborock-eko agertokira igoko dira azaroaren 9an

Bazter Fest hip hop jaialdiak hamargarren edizioa ospatuko du datorren azaroaren 9an, Bilborock aretoan, arratsaldeko 17:30etatik aurrera. Bilboko Udalak antolatzen du ekimen hau, eta bertako zein nazioarteko hip hop eta rap-aren eszenan emakumeei agerikotasuna ematea du helburu.

Edizio honetako kartelean estatu mailako artista ospetsuak izango dira. Parte-hartzaileen artean daude Andaluziatik datozen Eskarnia eta Carmen Xía, Alacantetik datorren Syla, eta Annekdotas, Gasteizen bizi den Ane Rodríguez nafarraren bakarkako proiektua. Gainera, hip hop-arekin lotutako bi emakume-talde ere arituko dira: Suzannak, La Basuk, Zeidah-k eta Ms Maiko-k osatzen duten Unity; eta, Kenna I-k, Espinelis-ek (bikotea), Alas Glow-ek, La Basu-k, Ziztadak, VitterSweet-ek eta Dj Latitak osatzen duten Basatitiak.

Hip Hop musikaz gain, Bazter Fest #10 jaialdiaren egitarauak beste zenbait jarduera ere programatu ditu. Bertaratzen direnek, adibidez, reggae/dancehall-aren munduan erreferente diren Raquel Koromak eta Aixiba Koromak (ama eta alaba) emango duten doako dantza ikasgai magistralaz gozatu ahal izango dute. Gainera, Eva Den XL artista bilbotarrak, grafitian espezializatua, emakume aktibisten eta feministen agerikotasuna ardatz duen horma-irudien inguruko erakusketa bat egingo du.

18:30ean hasiko diren kontzertuetarako sarrerak 12 euroan daude eskuragarri www.kulturabarrutik.eus webgunean. Egun berean Bilborockeko leihatilan ere erosi ahal izango dira 15 euroko prezioan, 17:30etatik aurrera.