Antolatzaileek ezagutzera eman dutenez, ikus-entzunezko 300 lan baino gehiago aurkeztu dira aurtengo Beldur Barik lehiaketaren XIII. ediziora, gehienak, taldean egindakoak. Ikus-entzunezkoen lehiaketa da emakumeen aurkako indarkeriari aurre egitea helburu duen programaren jarduera nagusia eta ezagunena. Aurkeztu diren datuen arabera, gaztetxoenak dira (12 eta 14 urte bitartekoak) lan gehien aurkeztu dituztenak (% 44). Lurraldeei dagokionez, lan gehienak Bizkaitik iritsi dira (% 59).
Hezkuntzak berdintasunari eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioari dagokionez joka dezakeen papera agerian geratu da ikastetxeetatik iritsi diren lanen kopurua ikusita (% 89).
Topaketa
Lehiaketako irabazleak datorren abenduaren 2an emango dira ezagutzera Sestaoko Musika Eskolan izango den topaketan. Bertan, Izaro abeslariak zuzenean hiru abesti abestuko ditu eta honako gai hauek jorratuko dituzten zortzi tailer ere eskainiko dira: autodefentsa feminista, dantza bidezko ahalduntzea, neskak eta bideojokoak, elikadura osasungarria, rap feminista eta maskulinitateak.