Beñat Garaio: “Biziberritze prozesua arrakastatsua izan daiteke ofizialtasuna, baliabideak eta gizartearen onarpena elkartzen direnean”

Ikertzaile eta proiektu garatzailea Biziherri IGB elkartean

Euskararen VII. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak ezagutzera eman dira. Zein da emaitza horien inguruan egiten duzun irakurketa?

Emaitza orokorrak ikusita leku eta adierazle gehienetan euskararen egoerak hobera egin duela azpimarratu behar da, erritmo apal batean izan bada ere. Garrantzitsuena da euskararen biziberritze prozesuak aurrera egiten jarraitzen duela.

Emaitzak xehetasun handiagoz aztertzen badira, ñabardura asko daudela ikus daiteke bai adierazleetan bai lurralde ezberdinen artean ere. Inkestak ez du irudi homogeneorik ematen.

Botila erdi hutsik ala erdi beteta ikusten duzu? Erritmo apala aipatu duzu, gehiago espero zitekeen?

Botila erdi beteta ikusteko arrazoiak badirela uste dut. Kontuan hartu behar dugu euskal biztanleriaren gehiengoa, nagusiki, erdaldun guneetan biltzen dela eta gune horietan eman da hobekuntzarik nabarmenena. Adibidez, Araban, proportzionalki, igoera esanguratsua izan da. Horrek azaltzen du biziberritze prozesua arrakastatsua izan daitekeela ofizialtasuna, baliabideak eta gizartearen onarpena elkartzen direnean. Hiru alderdi horiek ez daudenean, BAM eskualdean edo Nafarroako eremu ez euskaldunean bezala, datuak nabarmen okerragoak dira.

Aldi berean, hezkuntza sistemari esker milaka hiztun berri sortzen ari direla azpimarratu behar da. Hainbat adituren ustez hori ezinbesteko baldintza da hizkuntza bat biziberritu ahal izateko.

Botila erdi beteta dagoela baieztatzeko hirugarren adierazle bat trasmisioarena litzateke. Gero eta gehiago dira euskara edo euskara eta gaztelania beren seme-alabei trasmititzen dieten gurasoak.

Azkenik, nabarmendu nahiko nuke euskararen presentzia nabarmen hazi dela orain arte tokirik ez zuen zenbait esparrutan, hala nola, lan-esparruan, osasungintzan, erakunde publikoekin izaten diren harremanetan…

Erabilera eta ezagutzaren arteko arrakalak hor dirau. Normala al da?

Arrakala horren inguruko ikuspuntua aldatu beharko genuke. Euskara lehen hizkuntza duten horien eta euskara erosotasunez erabiltzen duten horien kasuan ezagutza eta erabileraren arteko arrakala ez da hain esanguratsua. Gakoa euskal hiztunen artean ahalik eta erosotasun mailarik altuena lortzea da, puntu horretan daudenen artean erabilera nabarmen hazten delako. Arazoa ematen da euskara bere sentitzen ez dutenen horiekin edo euskaraz eroso aritzen ez diren horiekin.

Egun bizi dugun egoera aintzat hartuta, zer egin behar da edo egin daiteke euskararen inguruko datuak hobetzeko? 

Egia da euskarak zenbait oztopo dituela, eta horrek biziberritze prozesua nabarmen mantsotzen du. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian den ofizialtasun falta da horren adibiderik garbiena. Horri hiztunen eskubide falta edo hizkuntzaren prestigio falta gehitu behar zaizkio. Ondorioz, egoera blokeatuta aurkitzen da, baldintza horietan oso zaila baita emaitza hobeak lortzea. Aipatu ditudan lurralde horietan ahal dena egiten da, baliabiderik gabe eta, sarritan, esfera militante batetik.

Datu gordinen arabera, segur aski, euskarak inoiz izan duen hiztun kopururik handiena izango du une honetan, baina globalizazioaren ondorioak ere inoiz baino indartsuagoak dira eta aldagai horiek eragin handia dute gure artean.

Gainera, kontuan hartu behar da, bereziki Ipar Euskal Herriaren kasuan, biztanleria nabarmen hazten ari dela eta biztanle berri horiek ez dutela euskararekiko inolako loturarik.

Datu gordinen arabera, segur aski, euskarak inoiz izan duen hiztun kopururik handiena izango du une honetan, baina globalizazioaren ondorioak ere inoiz baino indartsuagoak dira eta aldagai horiek eragin handia dute gure artean. Horrek guztiak langa bat jartzen du, ez gaituena hazten uzten. Uler dezaket inkestak eman dituen datuen inguruko irakurketa ezkor bat egitea, inoiz baino hobeto egonda hazkunde horren mugak ere antzeman daitezkeelako. Helburu bat lortzeko lan egiten denean eta helburu hori guztiz lortzen ez dela ikusten denean normala da ezkortasuna azaltzea. Kasu honetan Einsteinen aipu bat erabili ohi dut: “emaitza ezberdinak nahi badituzu ez egin beti gauza bera”. Nire ustez hurrengo urteak funtsezkoak izango dira euskararen biziberritze prozesuan. Horrek esan nahi du diskurtsoak aldatu beharko direla, elkarlanean aritu beharko dugula, aliatu berriak bilatu beharko ditugula…

Adibidez?

Une honetan ikus daiteke jende askok urrun sentitzen duela euskara eta desmobilizatuta dagoela. Horretarako arrazoiak askotarikoak izan daitezke, norberaren balioak, egoera pertsonala, lehentasunak… Horrelako pertsonekin konektatu eta haien konplizitatea lortu beharko genuke. Euskal Herria asko aldatu da azken urteetan eta euskaldunak eta erdaldunak dikotomia alde batera utzi beharko genuke. Une honetan askoz talde gehiago daude elkarrekin, eta euskara talde horientzat guztientzat nortasun-elementu garrantzitsua izatea lortu behar dugu. Horrek denon artean hitz egitea eta adostasunetara iristea eskatzen du. Gure beharrak asetzeko beraiena ere asetu beharko da. Gakoa aniztasun hori modu egokian kudeatzea da.

Euskal hiztunaren profila nabarmen gaztetu da. Oso datu positiboa da, ezta?

Ezagutza ezinbesteko elementua da. Ezagutzarik gabe ez dago erabilerarik. Belaunaldi gazteetan oinarrizko baldintza hori betetzen ari da. Gero eta gehiago dira euskara dakiten eta ulertzen duten gazteak. EAEko 16-24 urte bitarteko gazteen % 90 euskalduna da edo euskaraz ulertzen du. Datu horrekin unibertsalizaziotik oso gertu gaudela ulertu behar da. Erronka Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan kopuru horietara iristea da.

Gero eta gehiago dira euskara dakiten eta ulertzen duten gazteak. EAEko 16-24 urte bitarteko gazteen % 90 euskalduna da edo euskaraz ulertzen du.

Hiztunen profila nabarmen aldatzen ari da. Duela zenbait urte ez bezala, gaur egun hiztun gehienek etxetik kanpo ikasi dute euskara, eskolan nagusiki. Ondorioz, hiztun  horiek guztiek euskararekiko duten lotura eta haien gaitasuna eta erabilera maila, seguruenik, apalagoa da. Hiztun horiek joera eta erraztasun txikiagoa dute euskara erabiltzeko eta zalantza egoeretan joera erdarara jotzekoa da. Hiztun  horiekin bestelako lanketa bat egin beharko litzateke. Ezagutzarekin ez da nahikoa eta, horregatik, bide orri bat eskaini behar zaie hiztun aktiboak izan daitezen eta, aldi berean, nortasun aldetik hizkuntzarekiko lotura bat eraiki dezaten. Modu horretan euskararekiko joera positiboa bermatuko litzateke.

Gazteei zuzendutako Euskarabentura edo HIGA bezalako egitasmoetan parte hartzen duzu. Horien xedea aipatzen duzun lotura hori lortzea al da? 

Gazteen aisialdiaren ehuneko handi bat erdaraz garatzen da: gaztelaniaz, ingelesez… Beste hizkuntza batzuk ere kontsumitzen hasi dira ikus-entzunezkoen bidez, hala nola, japoniera edo korearra. Gazte askok beren aisialdia erdarazko edukiekin osatzen dute eta ondoren lagunekin eduki horien gainean aritzen dira solasaldietan. Horregatik oso garrantzitsua da Euskal Herriko belaunaldi gazteenei euskararekiko lotura positibo bat garatzeko aukera emango dien aisialdi aukerak eskaintzea. Aukera horiek mota askotakoak izan daitezke; lagunekin ondo pasatzeko Euskarabentura bezalako espedizioak, HIGA bezalako hausnarketarako espazioak… Eta gero eta gehiago, garrantzitsua da pantailen bidez kontsumitzen dituzten eduki horiek guztiak euskaraz izateko ekimenak.

Esparru digitalean den hutsunea handiegia al da?

Bai, hala da. Hutsunea handiegia da. Duela urtebete arnasguneetan bizi diren gazteekin egin genuen ikerketa batean ikusi ahal izan genuenez, gazte horiek nagusiki erdarazko ikus-entzunezko edukiak kontsumitzen dituzte.  Kontsumo horren ondorioz gazte euskaldun horien hizkuntza ohiturak ere aldatzen hasi direla ikusi dugu.

Egia da oso zaila dela lehiatzea atzerritik datorren eskaintza infinituarekin, baina euskaratik eskaintzen den hori gazteen gustukoa izatea lortu behar dugu. Horretarako esperimentatu beharko da eta gauza ezberdinak eskaini. Hor daude ‘Goazen!’ eta ‘Irabazi arte’, baina oso publiko mota jakin baterako saioak dira. Arrakasta izan duten saioak dira eta, beraz, lana ondo egin da. Eredua hor dago eta eskaintza zabaldu behar da ahalik eta gazte gehienengana iristeko.