Nafarroako Gobernuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea helburu duen “Berdinna” Saria jarriko du abian. Sari horren bidez, Nafarroan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea errazten edo bultzatzen duten ekintzak, lanak edo proiektuak egin dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak saritu nahi dira. Irabazleek 3.000 euro irabazteko eta Foru Exekutiboak egindako aintzatespen publikoa lortzeko aukera izango dute.
Sarian hiritarrek zein erakunde desberdinek proposaturiko hautagaiek parte hartu ahal izango dute. Hautagaitza aurkezterakoan hautagaiak egindako merituak azaldu beharko dira. Hautagaitzan lan edo proiektu baten aurkezpena sartzen bada, aurkezpen hori deialdiari dagokion dataren aurreko azken bi urteetan egindakoa izango da.
Sariaren esleipena proposatzeko, epaimahaia sortuko da, eta honako hauek osatuko dute: lehendakaritza (Departamentuko titularrak, gaian eskumena dutenak), lehendakariordetza (Nafarroako Berdintasunerako Institutuko –NBI– kudeatzailetza-zuzendaritzaren titularra) eta idazkaritza, Departamentu horretako Idazkaritza Orokor Teknikoak izendatua. Horiez gain, epaimahaian honako hauek ere izango dira: NBIren izenean pertsona bat, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluko bi ordezkari, Kontseiluak berak izendatuak; NUKFek (Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioa) izendatutako beste pertsona bat; eta aurreko edizioan saritua izandako pertsona. Saria Nafarroako Gobernuak emango du epaimahaiak egindako proposamena ikusita.
“Berdintasuna funtsezkoa gizarte egonkorragoa eta bidezkoagoa lortzeko” Foru Dekretuan jasotzen denaren arabera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta emakumeen jabekuntza funtsezkoak dira egungo gizartean, gizarte egonkorragoak eta bidezkoagoak ezartzeko; nazioartean adostutako garapen, iraunkortasun eta Giza Eskubideen gaineko helburuak lortzeko; eta emakumeen, gizonen eta komunitateen bizi-kalitatea hobetzeko.
Nafarroako Gobernuaren lehentasunezko helburuetako bat da emakumeen eta gizonen artean benetako berdintasuna eta berdintasun eraginkorra lortzea galarazten duten eragozpenak kentzea eta, ildo horretan egindako aurrerapenak sustatzeaz eta bultzatzeaz gain, sari bat ematea gizarte zuzenagoa, pluralagoa, modernoagoa eta inklusiboagoa lortzen laguntzen dutenei.